Ainhoa Alonso: "Labak iritsiera normala izan du itsasora; ez da eztandarik gertatu"

Anartz Izagirre 2021ko urr. 12a, 10:24
Ainhoa Alonso geologoa.

Ainhoa Alonso (Azpeitia, 1970) EHUko Geologia graduko Mineralogia eta Petrologia Saileko irakaslea da, eta Cumbre Viejan gertaturiko eztanda "guztiz naturala" izan dela dio.

Irailaren 19an hasi eta oraindik ere laba botatzen jarraitzen du La Palmako sumendiak. Nola gertatu da hori?

Kanaria uharteak bolkanikoak dira, eta denak era berean sortutakoak. Pixkanaka hazten joan dira laba koladen bitartez, eta leherketa horien ondorioz sortutako material horiekin guztiekin joan dira hazten irla guztiak. Uharte horien azpian arrokak daude, eta arroka horiek gora igotzen direnean magma sortzen da; magma horrek inguruko harriek baino dentsitate gutxiago izan ohi duenez, goranzko bidea hasten du. Kasu honetan La Palman gertatu da hori, baina duela bost urte gauza bera gertatu zen El Hierron, hango erupzioa urpekoa izan bazen ere.

Labak igaro duen gunean zer gertatzen da hura lehortu ondoren?

Laba desagertzea asko kostatzen da, milaka urte behar izaten ditu. Lur horrek ez luke balioko landaretzarako edo baratzeak jartzeko, baina errautsak erori diren lekuetan, errauts hori denborarekin desegiten joaten da, eta ongarri moduan erabil daiteke hainbat urte pasatzen direnean. 

Klima aldaketak izan al dezake zerikusirik gertatu denarekin?

Ez. Gertaera natural bat izan da, eta gure planeta dinamikoa delako pasatzen da.

Zalantza zegoen laba itsasora iritsiko ote zen ala ez. Heldu da azkenean. Zer-nolako eragina izango du horrek itsasoan?

Iritsiera normala izan du labak itsasora, eta ez da eztandarik gertatu. Baina laba oso beroa denez, itsasoko urarekin kontaktua izan duenean, ura lurrundu egin da; lurrun hori azidoa da eta suminkorra izan daiteke begientzat, azalarentzat… Itsasoan ere kalteak eragiten ditu. Izaki bizidunek handik alde egiten dute, eta itsas hondoan bizi diren bentonikoak hil egiten dira ur horrek tenperatura altua duelako eta pH-a azidotu egiten delako. Dena den, berreskuratuko dira, El Hierron ikusi den bezala.

Gas hori Euskal Herrira iristeko aukerarik ba al dago?

Itsasoko lurruna disolbatzen joango da, eta haizeak jotzen duenean han inguruan izango da kaltegarriena. Jarduera bolkaniko horrek sortzen duen gas horri dagokionez, sufre dioxidoa du, eta hori atmosferara igaroko da, baina oso gora joaten da. Esaten dute Kariberaino ere irits daitekeela, baina hori ez da kaltegarria guretzako, oso altu dagoelako eta disolbatzen joaten delako.

Italiako Etna sumendia ere lehertu zen duela aste batzuk. Ba al du zerikusirik bi sumendiek aldi berean eztanda egiteak?

Ez. Egoera oso desberdinak dira. Gainera, momentu honetan aktibo daude beste sumendi batzuk ere; esaterako, Hawaiin edo Volcan de Fuego, Guatemalan. Azken horretan jende asko hil zen 2018ko erupzio batean.

Laba hori hor gelditzen denean, zabaldu egiten al da lurrazala?

Bai. Pentsa, irla horiek horrela sortu dira pixkanaka-pixkanaka. Lehenengo ur azpian, eta gero itsaspetik atera ziren. La Palma oso uharte gaztea da, eta apurka hango paisaia aldatzen joango da, baita itsasoari lurrazala hartzen ere, gorantz edo alboetara. Zerbait naturala da han gertatzen dena, eta bertakoek ere badakite hori. Kontuan hartu behar da, bestalde, La Palmakoa oso sumendi txikia dela. Sumendi Eztandagarrien Indizeari dagokionez, 2. eskalan bakarrik dago, eta zortzi eskala daude. Pixkanaka horrekin bizitzen ikasi behar da. Azken erupzioa orain dela 50 urte gertatu zen La Palman, eta hiru aste iraun zituen. XVI. mendeko hango erupzio bat, ordea, hiru hilabetez egon zen laba botatzen. Honek ere iraun dezake, eta azken datuek ere hala erakusten dute.