Gironak menderatu du Iraurgi Urrezko LEB ligaren estreinaldikoan

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 10a, 13:22
Juaristi ISB-Girona partidako jokaldi bat. (Mikel Otola)

Neurketa oso parekatua jokatu zuten bi taldeek, baina kataluniarrek gehiago asmatu zuten azken laurdenean, 63 eta 70 irabazteko. LF Challenge ligan ere galtzaile atera ziren Iraurgiko emakumeak Esteponan (73-45).

Juaristi ISBk ezin izan du garaipenarekin estreinatu Urrezko LEB ligarako itzulera. Iraurgi Sakibaloiko gizonen talde nagusiak atzo jokatu zuen ligako lehen neurketa Azpeitiko kiroldegian, Gironaren kontra. Gutxigatik, baina Kataluniako taldearentzat izan zen garaipena (63-70).

Neurketa oso parekatua izan zen, eta horren adierazle dira partzialen emaitzak: berdinduta amaitu zuten lehen laurdena (12-12), puntu bakar bateko desabantailarekin (27-28) iritsi ziren atsedenaldira zein hirugarren laurdenaren amaierara (45-46) etxekoak, eta dena erabakitzeko zegon azken laurdenaren atarian. Baloi askotxo galdu zituen Iñaki Jimenezen taldeak, baina hala ere partidaren erritmoari eutsi zion uneoro. Azken laurden horretan, ordea, gehiago asmatu zuen Gironak, eta denboraldiko lehen puntuak bisitarientzat izan ziren.

Juaristi ISBko Hanzlik (22) izan zen neurketako saskiratzaile onena. Heviak (2), Guridik (2), Savkovek (2), Nicholasen (8), Thiamek (9), Dijkstrak (2), Cissokok (11) eta Seoanek (3) sartu zituzten Azpeiti-Azkoitikoen gainerako puntuak.

Porrot argia Esteponan

Joan den asteburuan lehen garaipena lortu ondoren, porrot argia (73-45) jasan zuen atzo Azkoitia-Azpeitia ISBk Esteponan (Malaga, Andaluzia, Espainia), LF Challenge ligaren hirugarren jardunaldian.

Atsedenaldira arte horrenbestean eutsi zioten neurketari Andoni Lazkanoren taldekoek. Etxekoak nagusitu ziren lehen bi laurdenetan (17-13 eta 15-14) eta, ondorioz, markagailuan atzetik joan ziren Iraurgikoak (32-27), baina bost puntuko aldeagatik besterik ez. Bigarren zatia, ordea, oso bestelakoa izan zen. Hirugarren laurdenean hasi zen Azkoitia-Azpeitia ISBrentzat gainbehera (19-8), eta azken laurdenean ere bide beretik joan zen partida (22-10).

George (17) izan zen ISBkoen saskiratzaile onena Esteponan, baita hamar puntuko langa gainditu zuen bakarra ere. Molina (1), Iparragirre (2), Jaksic (8), Altzaga (8) eta Effa (7) izan ziren Azkoiti-Azpeitikoentzat puntuak batzea lortu zuten besteak.