Aurreikusi baino lehenago itxi dute 3x3 Futbol Festan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2021ko urr. 8a, 08:05
Azkoitian jokatuko da futbol festa, hilaren amaieran.

Antolakuntzak izen-ematea igandera arte irekita mantentzeko asmoa azaldu zuen hasiera batean, baina ohar bidez jakinarazi dute dagoeneko itxi dutela. 170 taldek eman dute festarako izena, eta 700 haur baino gehiago bilduko dira hilaren amaieran Azkoitian.

3x3 Futbol Festan parte hartzeko izen-emate epea aurreikusi baino lehenago itxi dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 170 taldek eta 700 haur baino gehiagok eman dute izena urriaren 30ean, 31n eta azaroaren 1ean Azkoitiko plazan egingo den futbol festarako. Hori horrela izanik, izen-emate epea egun batzuk lehenago ixtea erabaki du antolatzaile taldeak.

"Izugarrizko arrakasta" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta parte hartzaileen zein gurasoen erantzuna "bikaina" izan dela nabarmendu. Partiden egutegiak egin eta itxi ondoren, izen-emate orrian talde bakoitzak zehaztutako posta elektronikoetara bidaliko dituzte ordutegiak.

Halaber, Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek hilaren 28an, osteguna, jaso beharko dituzte futbol festan jantzi beharko dituzten kamisetak. Egun horretan, Azkoitiko Kontzejupen banatuko dituzte elastikoak, 17:00etatik aurrera. Hala eta guztiz ere, gainerako herrietako taldeek ere izango dute urriaren 28an kamisetak jasotzeko aukera; bestela, lehen partida jokatzen duten egunean bertan jasoko dituzte. Dominen banaketa partiden egunetan egingo dute antolatzaileek.