Europak ezarritako araudi berrira egokitzeko lanak egiten ari dira Lasaoko araztegian

Julene Frantzesena 2021ko urr. 6a, 15:23
Hirugarren putzua egiteko lanean ari dira Lasaoko araztegian. (Mailo OIarzabal)

Azpiegitura birmoldatzen ari dira tratamendu biologikoaren ahalmena hobetzeko eta araztegiek ibaira egiten dituzten isurketentzat ezarrita dagoen araudi berria bete ahal izateko. Lan horiek 1.358.463,93 euroko aurrekontua dute, eta Lapatx Zabortegiak eta Gipuzkoako Urakek ordainduko dituzte.

Lasaoko Badiolegi eremuan kokatuta dagoen Urola Erdiko ur araztegia arautegi berrira egokitzeko lanak egiten ari dira azken egunetan. Azpiegitura birmoldatzen ari dira tratamendu biologikoaren ahalmena hobetzeko eta araztegiek ibaira egiten dituzten isurketentzat ezarrita dagoen araudi berria bete ahal izateko. Izan ere, arduradunek azaldu dutenez, gaur egungo azpiegiturak ez ditu betetzen Europak isurketei lotuta ezarritako helburuak.

Gaur egun araztegian dauden putzuak mantendu egingo dituzte, baina beste bat ere eraikiko dute, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako ura eta Lapatx zabortegiko lixibiatua tratatzeko. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, etorkizunean gutxitzen joango da Lapatxeko lixibiatua, eta araztegiak Azpeitiko, Azkoitiko nahiz Zestoako urak arazteko ahalmen handiagoa izango du. Lan horiek 1.358.463,93 euroko aurrekontua dute, eta zenbateko horren %72 Lapatx Zabortegiak eta %28 Gipuzkoako Urakek ordainduko dituzte, bi erakundeek egin duten hitzarmena tarteko. 

Gaur, asteazkena, obrak ikusten izan dira Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaria, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Olatz Peon Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakaria eta Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urakeko kudeatzailea –beheko argazkian, ezkerretik eskuinera–. Bereziartua "gustura" agertu da lanak egiten ari direlako: "Azpiegitura berritzea onuragarria da bailararentzat, eta gainera, ditugun beharrei erantzungo diegu. Lapatxen azpiegitura berri bat egin genezakeen lixibiatuak tratatzeko, baina bailararentzat erabilgarria izango den irtenbide bat bilatu nahi izan dugu".

Alkorta alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie azpiegitura berritzeko konpromisoa hartu duten bi erakundeei: "Gure herriarentzat eta bailararentzat azpiegitura hobe bat izango dugu laster. Uren arazketan inbertitzea ingurumenean, jasangarritasunean, eta batez ere, herritarren bizi kalitatea hobetzen inbertitzea da; obra garrantzitsua da guztiontzat".