Koronabirusa Azpeitian

Lau kasu berri izan dira herrian, baina behera egin du intzidentzia tasak

Anartz Izagirre 2021ko ira. 29a, 13:05

Eskualdean bost positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak: Azpeitian lau eta Aian bat. Hala eta guztiz, herri guztietan behera egin du tasa metatuak, eta Azpeitian 164,26 da gaur-gaurkoz. Bestalde, Hego Euskal Herrian %1,2 da lau lurraldeetako positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, bost kasu hauteman dituzte. Gainera, bost positibo horietatik lau Azpeitian zenbatu dituzte, eta bestea Aian. Hala eta guztiz, behera egin dute bi herrietako intzidentzia tasek. Azpeitian 164,26 da gaur-gaurkoz tasa metatua, eta Aian 554,16.

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman; horrenbestez, intzidentzia tasetan ez da gorakadarik egon. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Azkoitia (108,49), Zarautz (111,36) eta Zumaia (61,06). Orio, berriz, eremu berdean dago, 48,92 baita hango tasa metatua. Beste herrietan honakoak dira intzidentzia tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34 eta Zestoan 154,08.

%1,2ko positibotasun tasa

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 9.231 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 112 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (32), Nafarroan (23) eta Araban (hamahiru). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Bestalde, positibotasun tasa %1,2 da lau lurraldeetan.

Ospitaleetan, berriz, 126 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 39 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 42 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn.