Otaegi, Kurro eta Pelitxo gogoratu dituzte Nuarben egin duten ekitaldian

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 26a, 14:47

Goizean mendi martxa egin dute Azpeitiko plazatik Nuarbera; eguerdi partean, berriz, omenaldi ekitaldia eta bazkaria. Bihar, Gudari Egunean, lore eskaintza egingo dute 19:00etan, Nuarbeko hilerrian.

Bihar 46 urte beteko dira frankistek Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela. Hori dela eta, urtero egunotan egin ohi duten legez, Otaegi omentzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Nuarben; eta harekin batera, Pasaiako segadan poliziek hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo ere gogoratu dituzte.

Eguerdian Nuarben elkartu direnetako batzuk, oinez joan dira, 09:00etan Azpeitiko plazatik irtenda egin duten mendi martxan. Beste asko, berriz, 13:00etarako jarritako hitzordura azaldu dira zuzenean. Nuarbeko frontoian izan da ekitaldia. Otaegi, Kurro eta Pelitxoren senitartekoei aurreskua dantzatu diete eta lore sorta bana eman, hitzartze politikoaren ondoren Eusko Gudariak abestuz bukatzeko. Ekitaldiaren ostean, bazkaltzen gelditu dira bertaratu direnetako asko.

Aurtengo Gudari Egunaren bueltan antolatutako ekitaldiei bukaera emateko, bihar lore eskaintza egingo dute 19:00etan, Nuarbeko hilerrian.