Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

“Garagardoa erosiko duten bezeroak lortzea da orain dugun erronka nagusiena”

Uztarria.eus 2021ko ira. 24a, 15:52

Jon Agirrek (Azpeitia, 1987), Jon de Marcosek (Azpeitia, 1996) eta Arkaitz Pie de Hierrok (Azpeitia, 1983) afizioa ofizio bihurtu dute, eta garagardoa egiteari ekin diote. Gaur, ostirala, zabalduko dute lokala Garmendipe kalean (Citroen kontzesionario gainean), eta bertan garagardoa ekoizteaz gain, salmenta zuzena ere egingo dute.

Uda osoa garagardoa sortzen eta gaur inauguratuko duten lokala egokitzen egon dira Agirre, de Marcos eta Pie de Hierro, eta "gogorra" egin bazaie ere, Izar-Haitz garagardoa zabaltzen hasteko prest daude. Hurrengo astetik aurrera dastatu ahal izango dute herritarrek.

Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Jon Agirre: Duela urte batzuk Jon de Marcos garagardoa egiten hasi zen lagun batzuekin, eta produkzioa handitzen joan ziren heinean, saltoa egitea erabaki zuten.

Jon de Marcos: Garagardoa gustukoa genuen eta egiten hasi ginen, baina formalizatzeko garaia heldu zen. Jon eta Arkaitzekin bildu nintzen, hamaika bilera egin genituen, garagardoa saltzeko asmoa mahai gainean jarriz. Alde onak eta txarrak aztertu genituen, zenbat lan eragingo zukeen...

Jon A.: Izan ere, produkzio handitzearekin saltzeko ideia atera zen. Nahi edo ez nahi, produkzio maila igotzen hasten denean, beste maila edo urrats batera iristen zara.

Jon de M.: Hasieran autokontsumo gisa ekin genion, gero lagunentzat ere egiten hasi ginen, baina une bat iritsi zen non garagardoa Azpeititik kanpora hedatzeko asmoa agertu zela, eta hor martxan jarri ginen.

Zer laguntza jaso duzue prozesu horretan?

Jon A.: Ez genekien ezer negozio bat abian jartzeko beharrezkoak ziren pausoen inguruan eta zentzu horretan, Iraurgi Berritzeneko laguntza izan dugu, eta eskerrak! Traba asko izan ditugu bidean, eta jasotako laguntza horri esker irten dugu aurrera. Oztopo burokratikoak asko izan dira, uste genuena baino gehiago, eta gure beharrak identifikatu zituzten Iraurgi Berritzenen, eta asko lagundu digute.

Traba burokratikoak aipatu dituzue, hori izan al da oztoporik handiena?

Jon A.: Oztopo burokratikoez gain, negozioa abian jartzeko beharrezkoa den dirua ere izan da traba, edo beldurtu gaituen gaia.

Arkaitz Pie de Hierro: Edozein urrats eman behar genuela, dirua jarri beharra genuen...

Garagardoa egiten ikasteko prozesurik edo ikasketarik egin behar izan al duzue?

Jon de M.: Ni aurrez ere garagardoa egiten ibiltzen nintzen, eta orduko lagunak bazekienez, hark erakutsi zidan, eta nik orain beraiei. Hala ere, hirurok bildu eta gero, garagardoaren produkziorik egin ez dugun bitartean, ikastaroak egin ditugu. Asko ikasi dugu, izan ere, prozesuan zehar gauza batzuk matematikoak dira, baina zergatik den horrela jakin behar duzu.

"Pertsona asko ditugu garagardoagatik galdetzen, eta ondo joango denaren esperantza badugu."

Nola egin behar duzue salmenta?

Jon A.: Bezeroak lortzea da orain dugun erronka nagusiena. Badira Azpeitian taberna batzuk, eta lagunak, bezero ditugunak, baina orain hasten da garagardoa saltzeko ordua.

Jon de M.: Azken hilabeteak lokalaren obrak egiten eta zuzentzen igaro ditugu, eta orain gure esfortzuak bezeroak lortzera bideratu behar ditugu.

                    

Nola doaz lehen pauso horiek?

Jon A.: Lokala ondo jartzeaz gain, ahalik eta garagardo gehien egiten aritu gara. Izan ere, produzitzen den momentutik, kontsumitu arteko garaiak hilabete irauten du. Orduan, abuztu guztia garagardoa produzitzen egon gara, eta laster iritsiko da kontsumitzekoa. Bitartean, tabernariei eman diegu probatzeko, beraiek jakin dezaten zer nolakoa den egiten ari garen produktua.

Jon de M.: Hori da egokitzen dena une honetan, marketin pixka bat egitea.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Jon A.: Abantaila nagusia atzetik inor ez duzula da esaten zer egin behar duzun. Guk geuk zehazten dugu egin beharrekoa. Gu gara gure buruari presioa sartzen dioguna, baina kudeatzeko errazagoa dela esango nuke. Lanordu gehiago sartu behar ditugula? Egingo dugu, guk hartutako erabaki baten ondorioz delako.

Arkaitz: Eta aldiz, egunak libre behar izanez gero, errazago har ditzakegu. Malgutasun gehiago dugu.

Jon de M.: Normalean beste lan batzuetan baino ordu gehiago sartzen ditugu, hori seguru!

Arkaitz: Desabantaila nagusiena hori izan da orain arte, baina egokitzen zena zen, hau da, ahalik eta garagardo gehiena produzitzea.

Jon de M.: Ikasturte berriarekin batera saltzen jarri nahi genuen garagardoa, eta horrek udako oporrik ez izatea ekarri digu. Gogorra izan da, baina gustura gaude.

Jon A.: Desabantaila handia beste bat ere izan da: prozesu guztia guk egin beharra. Idazkari lanak, Osasun eta Ogasun saileko betebeharrak, lokaleko lanak, garagardoa egitea... Une oro lanean egon gara. Beste lanetan egin beharrekoa egin eta etxera joaten zara, buruan ezer ez duzula.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan behar dituen gaitasunak?

Arkaitz: Gure ibilbidea ikusita, dirua behar da.

Jon A.: Aurrez pentsatuta genuen zenbat diru beharko genuen, gutxi gorabehera, baina egia da gure aurreikuspenekin alderatuta, asko igo zaigula aurrekontua. Beharbada guk aukeratu dugun proiektuaren barruan sartzen zen, eta gainontzekoetan ez da horrela gertatuko. Familiei eta gertukoei eskerrak ematea tokatzen zaigu emandako laguntzagatik, beraiengatik egin da proiektua errealitate. Ea buelta ematea lortzen dugun!

Jon de M.: Pertsona asko ditugu garagardoagatik galdetzen, eta ondo joango denaren esperantza badugu.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.