Bizi osoko espetxe zigorren aurka, plazan elkartu dira hainbat lagun

Sarek bizi osoko espetxe zigorren aurka eta giza eskubideen alde martxa bat zuen deituta gaurko Arrasaten, baina atzo bertan behera utzi zuen Arrasaten presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek egunotan jasan duten "presio izendaezina" tarteko. Hori dela eta, herriz herri kontzentrazioak egin dituzte, baita Azpeitian ere.

Sarek deituta, dozenaka lagun elkartu dira gaur eguerdian plazan, Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean egin duten elkarretaratzean. Sarek bizi osoko espetxe zigorren aurkako eta giza eskubideen aldeko martxa bat zuen deituta gaurko Arrasaten, baina atzo bertan behera utzi zuen Arrasaten presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek egunotan jasan duten "presio izendaezina" tarteko. Hori dela eta, Euskal Herrian herriz herri deitu zituen kontzentrazioak Sarek gaurko. 

Sarek salatu duenez, 7/2003 legeak bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen ditu, eta horren erakusle da gaur egun hamabost euskal preso espetxean 40 urteko zigorra betetzera kondenatuta egotea. Kondena horiek, baina, espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak direla adierazi du Sarek. "7/2003 legeaz ari garenean ere, salbuespen legediaz ari gara, ez baita urruntze politika edo gradu progresioetara soilik mugatzen".

Gaurko elkarretaratzean jakinarazi dutenez, urteak daramatzate legedi arrunta aplikatzea euskal presoen eskubidea dela aldarrikatzen, eta ez dute bizi osorako zigorrik onartuko. "Bere burua demokratikotzat izendatzen duen Estatuak eta jendarteak ere, ez luke halakorik onartu beharko. 7/2003a aplikatuz zigorra luzatu dieten euskal presoak, legez, kalean behar lukete, eta ez diogu hori aldarrikatzeari utziko".

Bestalde, Arrasateko martxaren bueltan jasandako "presioa eta manipulazioa" ere salatu dituzte plazan elkartutakoek. "Auzi honetan hainbat hedabidek, alderdi politikok eta instituzioek erantzukizunik gabeko jarrerak hartu dituzte, eta horrela, espetxe politikan edozein adalketa errefusatzen duten horien jarrera indartu dela salatu nahi dugu". Sarek, gainera, gaur egungo "une historikoaren" garrantzia azpimarratu du, arduraz jokatzeaz gain, etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea dela uste duelako. "Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua".

Bide horretan, urruntze politika bertan behera uzteko eman diren urratsen balorazio positiboa egin du, eta esan du euskal presoek eta haien senideek jasaten duten eta horien eskubideak urratzen dituen salbuespen legediari amaiera emateko bidea zabaltzea lortu duela. "Zentzu honetan, indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk mespretxatu".

Sarek azaldu du ez diola pertsona guztien giza eskubideak defendatzeari eta horien alde mobilizatzeari utziko: "Erabat bateragarriak dira biktimekiko gure errespetua eta giza eskubideen edozein urraketaren aurrean egiten dugun salaketa. Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina biktimei min handiago eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita". Sareren arabera, "elkar ulertzeko espazioak" bilatzeko unea da, eta esan du bizikidetzan aurrera egiteko herritar guztiei dagokiela ahalegina egitea. "Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jotzen dugu salbuespen legedia bertan behera gera dadin lanean jarraitzea. Gaur, isilarazi nahi izan duten aldarri hau ozen adieraziko dugu Euskal Herriko plaza guztietan: bizi osorako zigorrik ez! 7/2003 legeari ez!".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide