Sormen lehiaketa abiatu du Landaolak, Gipuzkoako landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza bultzatzeko

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 9a, 19:54

Landaola federazioa osatzen duten Gipuzkoako landa garapenerako elkarteek –tartean da Urkome Landa Emakumeak Gara izeneko egitasmoa jarri dute martxan, eta horren barruan antolatu dute sormen lehiaketa. Landako emakumeak eta bizikidetza da lehiaketaren gaia, eta parte-hartzaileek 600 eurora arteko sariak eskuratu ahal izango dituzte. 

Gipuzkoako landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzeko helburuz, Landa Emakumeak Gara izeneko proiektua abiatu berri du Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak. Landaolaren barruan dago, besteak beste, Urkome, Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea. 

"Landa eremuan dauden elkar harremanentzako espazio urrien eta honek ekar dezakeen bakardaderako joerekin hausteko" abiatu dute Landa Emakumeak gara egitasmoa, eta horren barruko lehen ekintza gisa sormen lehiaketa bat antolatu dute irailetik urria bitarterako. 

Sormen lehiaketaren gaia honako hau izango da: Landako emakumeak eta bizikidetza. Lehiaketaren eta gai zehatz horren bitartez, emakumeak gogoeta egitera animatu nahi dituzte: "Gipuzkoako emakume ezberdinak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditugu".

Lehiaketaren ezaugarriak

Lehiaketan parte hartzera animatzen diren emakumeek, euskarri grafiko bat (argazki, marrazki, irudi, collage...) eta euskarri grafiko horri loturiko hausnarketa-testu txiki bat aurkeztu beharko dituzte sariketara. Antolatzaileek azaldu dutenez, adinaren araberako kategoriak bereiziko dira: 25 urtetik beherakoak,  25-55 urte artekoak eta 55 urtetik gorakoak. 

Izen-ematea Internetez egin beharko da, Landaolaren webguneko izen-emate orrian. Doakoa izango da. Lehiaketan parte hartzen dutenen artean, euskarri grafiko eta hausnarketa arrakastatsuenak hautatuko dira epai-mahai eta publikoaren bidez, eta honako sari hauek banatuko dira:

Epaimahaiaren sariak:

Publikoaren saria:

Bi lagunentzako gau bat eta gosaria, Gipuzkoako landetxe batean.

Botoa eman dutenen artean zozketa bidezko saria:

Bertako produktuen saskia.

Horrez gain, sarituak direnekin bideo labur bat ere grabatuko da, eta abenduan bideo labur horren estreinaldia eta jasotako euskarri grafiko zein hausnarketen erakusketaren irekiera antolatuko dituzte, dena egun bateko ekitaldian. "Lehiaketaren fasearen emaitzak (sortutako euskarri, hausnarketa, ideia edo ondorio ezberdinak), Gipuzkoako landa emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzen jarraitzeko baliatuko dira, proiektuaren hurrengo faseetan", azaldu dute antolatzaileek.