Koronabirusa Azpeitian

Bi kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan herrian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 13:05

Azken kasu positiboekin, Azpeitiko intzidentzia tasak behera egin du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere bide berean jarraitzen du. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %4aren bueltan kokatu zen atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azpeitian bi kasu positibo zenbatu dituzte. Era berean, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak behera egin du; atzo, asteartea, 243,10ekoa zela jakinarazi zuen Osasun Sailak, eta gaur, berriz, 203,68koa dela zehaztu du.

Eskualdean, berriz, guztira hamasei positibo hauteman dituzte. Azkoitian eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu positibo gehien: bosna kasu positibo bi herrietan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du, gainera, bi herrietan. Azkoitian, esaterako, 267,04koa zen atzo tasa, eta gaur, berriz, 283,74koa dela zehaztu du. Hori horrela, Azkoitia eremu laranjaren langara hurbildu da berriz ere. Zarautzen ere intzidentzia tasak puntu gutxi batzuk egin du gora, 111,36an kokatuz.

Azpeitian bezala, Orion ere bi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Orioko kasu metatuen tasa 65,23an dago, atzoko zenbateko berean. Getarian eta Zumaian, berriz, positibo bana hauteman dute azken orduetan. 106,01ekoa da Getariako intzidentzia tasa, eta 193,34koa Zumaiakoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik atzeman.

Positibotasun tasa, %4aren bueltan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak atzo beste hamasei puntu egin zuen behera, eta hori horrela, egungo tasa 223,39koa da. 7.789 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 326 kasu positibo detektatu zituzten. 40 kasu positibo hauteman zituzten Araban, 130 Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 53 Nafarroan eta lau positibo lurralde guzti horietatik kanpo bizi direnen artean. Positibotasun tasa %4,2koa izan zen Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,1ekoa Nafarroan.

Ospitaleei dagokienez, berriz, Osasun Sailak jakinarazi du atzo 48 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzaren mendeko erietxeetan; egun 194 herritar daude ospitaleratuta. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn dauden pertsonak, ostera, 60 dira, azken egunetako kopururik baxuena. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten erietxeetan, eta egun 68 dira ospitalean gaixo dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, 23 pertsona daude ospitaleratuta.