Del Castillo entrenatzailearen materiala, Garmendipera

Andoni Elduaien 2021ko ira. 8a, 15:00
Alfredo del Castillo.

Lagun Onakeko entrenatzaile izandakoak pilatuta zuen material guztia eman dio Azpeitiko Lagun Onak futbol taldeari. Klubak esker onez jaso du ondarea.

Alfredo del Castillok berea sentitzen du Lagun Onak, Azpeitiko futbol taldeak kanariarra berea sentitzen duen bezalaxe. Del Castillok 80ko hamarkadaren erdian hartu zuen Lagun Onak taldeko gazteen mailako talde bat zuzentzeko ardura, eta urte batzuk geroago, 1990-91 denboraldian, gizonezkoen talde nagusia Espainiako Hirugarren Mailara igo zen haren gidaritzapean.

Entrenatzaileak azaldu duenez, "handia" da Azpeitiari dion maitasuna, baita Lagun Onakekiko duen sentimendua ere. "Lagun Onaken hasi nuen entrenatzaile ibilbidea, eta beti esan izan dut Azpeitia nire bigarren herria dela". Talde hark zuen "familia sena" ere azpimarratu nahi izan du Del Castillok. "Giro ona izan genuen beti, eta maitasunez oroitzen ditut hango kideak, futbolari lotutako pertsona ugari ezagutu bainuen. Maitatua eta errespetatua sentitu nintzen beti Azpeitian". Hirugarren Mailarako igoerari buruz, berriz, entrenatzaileak dio "jarri behar zen guztia" jarri zuela taldeak zelaian sasoi hartan. "Lan ona egitea lortu genuen; ikaragarrizko oroitzapenak ditut".

Realean zituen ardurak utzi ondoren, etxean zuen futboleko materialarekin zer egin pentsatzen hasi zen Del Castillo. Hala nola liburuak, bideoak, apunteak, txistuak, ordulariak, karpetak eta arbela zituen jasota, eta horiekin guztiekin zerbait egin behar zuela erabaki zuen egun batean. “Hori guztia nonbaiten utzi behar nuela pentsatu nuen, eta entrenatzaile ibilbidea Azpeitian hasi nuenez, materiala Lagun Onaki ematea erabaki nuen. Mikel Labakarekin, Aitor Zulaikarekin eta Iñigo Arregi presidentearekin hitz egin nuen, baita Xabier Alberdi Beltzarekin ere. Bihotzetik atera zitzaidan, eta egitea erabaki nuen”.

Esker ona klubaren partetik

Lagun Onakeko Iñigo Arregi presidentearentzat, bestalde, "oso kontuan hartzekoa" da Del Castillok bere materiala Azpeitiko futbol taldeari emateko erabakia hartu izana. "Bera bezalako entrenatzaile batek hori egin izana baloratzeko modukoa da". Arregiren hitzetan, klubaren 75. urteurren ospakizunen bueltan sortu zen kontua. "Ezustean jaso genuen bere deia. Material asko ekarri du, zuen guztia; balio handiko material interesgarria da. Badakit, gainera, entrenatzaile batzuek berak utzitako liburuak-eta eraman dituztela Garmendipetik". Entrenatzaileari eskerrak ematea besterik ez zaiela geratzen dio presidenteak. "Hirugarren Mailara igotzea lortu zuten garai hura tarteko, Lagun Onak taldearen zati garrantzitsua da Del Castillo".