Liburutegiko Irakurleen Txokoan izena eman daiteke gaurtik aurrera

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 6a, 09:05
Joan den ikasturteko Irakurleen Txokoko saio bat. (Udal Liburutegia)

Urrian hasiko da gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzeko saioen ikasturte berria. LH3 eta DBH1 artekoei zuzendutako egitasmoa da, eta hilaren 30era arte irekita egongo da izen-ematea Udal Liburutegian.

Irakurleen Txokoaren ikasturte berria prestatzen hasi dira Udal Liburutegian. Gaurtik hilaren 30era bitartean irekita izango da gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzea xede duen egitasmoan izena emateko aukera. 943-15 71 95 telefonora deituta edo 688 815 506 zenbakira Whatsapp mezua bidalita eman dezakete izena Irakurleen Txokoko saioetan parte hartu nahi dutenek. Saioak, berriz, urrian hasiko dira.

LH3 eta DBH1 arteko mailetan ikasten ari direnei dago zuzenduta Irakurleen Txokoa; izena ematen dutenen kopuruaren eta adinen arabera antolatuko dituzte taldeak edo saioak liburutegiko arduradunek. "Irakurtzen gozatzea, besterik gabe" Horixe da, arduradunen hitzetan, Irakurleen Txokoaren xedea. "Horretarako, batzuetan taldean bertan irakurriko ditugu liburuak, besteetan etxean irakurrita etorriko gara. Liburuak eskaintzen duenarekin lotutako dinamikak egingo ditugu, eta liburuari buruzko hausnarketak eta iritziak elkarbanatuko ditugu, jolastuz eta sortuz", azaldu dute liburutegikoek.