Oraindik eman daiteke izena kiroldegiko jardueretan

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 2a, 17:18

Azpeitiko kiroldegian atzo ekin zioten ikasturteari, eta taldekako kirol ikastaro batzuk martxan dira dagoeneko. Hala ere, oraindik bada horietan izena emateko aukera, igerilekuko harreran.  

Irailean sartzearekin batera hasi dute ikasturtea Azpeitiko kiroldegian. Atzo ekin zieten taldekako kirol ikastaro batzuei, eta datozen egunetan abiatuko dituzte besteak. Dena dela, oraindik ere badago horietan izena emateko aukera; jarduera ia guztietan dago lekua, eta baita talde berriak sortzeko aukera ere, gutxieneko pertsona kopurura iritsiz gero. Ikastaroren baten parte hartu nahi duten herritarrek igerilekuko harreran eman beharko dute izena, eta informazio gehiago behar dutenek 943-81 41 21 telefonora dei dezakete edo igerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidali.

Urtero bezala, aurtengoan ere ikastaro eskaintza zabala prestatu dute, jarduera mota eta ordutegia kontuan izanda norberak egin dezan bere aukera. Badira gorputzaren oreka lortzeko jarduerak, gorputza aktibatzekoak, intentsitate altukoak, uretan egitekoak, eta badira haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak ere. Besteak beste, honako ikastaroak antolatu dituzte: pilates, TRX, zumba, total training, igeriketa teknifikazioa, cycling eta mantentze gimnasia. Irailean hasi eta ekainean bukatuko dira ikastaroak, eta hilero ordaindu beharreko kuota merkeagoa izango da kiroldegiko bazkideentzat, bazkide ez direnentzat baino.

Honako lotura honetan ikus daiteke ikastaroen eskaintza eta informazio osoa.