Udal Euskaltegian izena emateko epea, zabalik

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 1a, 12:00
Udal Euskaltegiko artxibo irudia.

Maila guztietako ikastaroak nahiz A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera eskainiko dute, eta saioak goizean, arratsaldean zein gauean eskainiko dituzte. Irailaren 24an itxiko dute Udal Euskaltegiko izen-ematea. 

Ireki dute ikasturte berrian euskaraz ikasi edo maila hobetu nahi dutenentzat Udal Euskaltegian matrikulazioa egiteko epea. Izen-ematea irailaren 24ra arte egongo da irekita, eta bertan izena ematen dutenek euskaraz doan ikasi ahal izango dute beka sistemaren bidez. 

Udal Euskaltegian eskainiko dituzten eskoletan izena eman nahi dutenek astelehenetik ostiralera 09:00etatik 18:00atara izango dute informazioa jaso edo ikastaroetan izena emateko aukera Udal Euskaltegian bertan. 

Eskaintza zabala

"Denentzat eta denetariko ikastaroak" antolatu dituztela adierazi du Azpeitiko Udalak: "Euskaraz jakin arren maila hobetu edo tituluren bat atera nahi dutenentzat, euskaraz ikasten hasiak direnentzat, lehen urratsak eman nahi dituztenentzat... Denentzat eta denetariko ikastaroak antolatuko dira aurtengorako ere". Hain zuzen, maila guztietako ikastaroak nahiz A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera eskainiko dute, eta saioak goizean, arratsaldean zein gauean eskainiko dituzte.

Aurrez aurreko eskolak ez ezik, hainbat mailatan on-line eskaintza ere eskainiko dute, iaz hasitako bideari jarraiki. "Pauso bat eman eta on-line eskaintza ere eskainiko da hainbat mailatan, euskara ikasi nahi dutenei erraztasunak eman asmoz. Horrela, Udal Euskaltegiak herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua zabaldu eta hobetzea da helburua", azaldu du udalak. Euskaltegiko arduradunek protokoloa zehaztu dute aurrez aurreko saioetan "segurtasuna bermatzeko eta euskaltegia euskara ikasteko gune segurua izateko", eta bertan zehaztutako irizpideei jarraituz eskainiko dituzte eskolak, iaz bezala.