Albergako ur-biltegia, zaharberrituta

Maialen Etxaniz 2021ko abu. 6a, 11:50
Txaribarko errebalean dago Albergaren ur-biltegia. (Maialen Etxaniz)

Ekainean ekin zion Azpeitiko Udalak albergaren ur-biltegia zaharberritzeari, herriko ondare historikoa zaintzeko helburuarekin. Besteak beste, biltegi horren estalkia, etxaurreko hormak eta Komuntzo ondoko baratzeetara joateko eskailerak garbitu, berritu eta konpondu dituzte.

Azpeitiko Udalak albergaren ur-biltegia zaharberritu du. Hain zuzen, albergara ura iristea ahalbidetzen duen biltegia zaharberritu du erakundeak, herriko ondare historikoa zaintzeko eta babesteko. Biltegia Txaribar kaleko bigarren zenbakian dago kokatuta. Ekainean hasi ziren berritze lanekin, eta dagoeneko amaitu dituzte. Besteak beste, biltegi horren estalkia, etxaurreko hormak eta Komuntzo ondoko baratzeetara joateko eskailerak garbitu, berritu eta konpondu dituzte. Lanek 28.380,14 euroko aurrekontua izan dute.

Alberga herriko ondare historiko eta turistikoa da gaur egun. Estilo neoklasikoa du albergak; zehazki, estilo hori duen garbitoki bakanetakoa da Azpeitikoa. 1842. urtean Jose Jabier Olazabalek eraiki zuen garbitoki publikoa, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren ondoan. Izan ere, orduan ez zen ur hornidurarik etxeetan, eta herrigunean bizi ziren herritarrek ez zuten errekarik eskura.