Pello Elorza: "Zaindu egin behar dugu gure hizkuntza, aberastu eta txukun erabili"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 31a, 14:10
Pello Elorza. (Julene Frantzesena)

Azpeitiko Udal Euskaltegiaren sorreratik oraintsu arte Euskara Patronatuan aritu da lanean Pello Elorza (Azpeitia, 1958). 37 urteotako ibilia errepasatu du, eta etorkizunera begira ere jarri da. Zineman eta politikagintzan egindako lana ere ekarri du gogora 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Noiz eta nolatan hasi zinen Euskara Patronatuan lanean?

Eusko Jaurlaritza euskara sustatzeko ahalegina egiten ari zen, eta erakunde horrek HABE sortu zuen 1982an. Udalekin elkarlanean, herriz herri hasi zen euskaltegiak sortzen, eta Azpeitiak –EAJ zegoen Udal Gobernuan– 1984an sortu zuen. Oposizioak izan ziren, aurkeztu egin nintzen, eta plaza lortu nuen. Lau laguneko taldea eratu zuten, Azpeitiko biztanle kopuruari hala zegokiolako, eta hasiera hartan, ni izan nintzen azpeitiar bakarra; gainerako lankideak –Patxi Saez, Ane Amundarain eta Kontsuelo Gorostidi– goierritarrak ziren. Zezen plazaren ondoan, Lapatxeneko eremuan, zegoen INEMen etxe aurrefabrikatu batean zabaldu zituen ateak euskaltegiak. 1983an, uholdeak izan ziren Euskal Herri osoan, baita Azpeitian ere, eta lokal hura urak hartu zuen. INEMek zegoen bezala utzi zuen lokala, eta 1984an, euskaltegia non kokatu pentsatzen ari zirela, lokal harekin gogoratu ziren. Donostiara joan ginen baimen eske; baietz, erabil genezakeela esan ziguten, eta erabilera akordioa egin genuen. Osatu genuen lantaldearen lehen egitekoa lokal hura dena garbitzea izan zen; izan ere, lokatza izugarria zegoen barruan. Behin txukunduta, martxan hasi ginen; hori bai, ahal zen moduan. Udalak gelak-eta atondu zituen, baina hasiera haietan ez geneukan ezer: idazkaririk ez zegoen, eta dena geuk eskuz egiten genuen; fotokopiagailurik ez genuen, eta egunero udaletxera joaten ginen lanerako behar genituen fotokopiak ateratzera. Lehen ordenagailua 1985ean-edo ekarri ziguten. Gero, eremu hartan etxeak egin behar zituztela eta, Institutura lekualdatu zuten euskaltegia, eta han pare bat urte eginda, Sindikatu Zaharrean igaro genituen sei bat hilabete. Handik gaur egun dagoen lekura eraman zuten euskaltegia.

Nolakoa izan zen hasiera hura?

Ordurako aritzen nintzen euskara klaseak ematen; Batzokian jardun nuen bospasei urtetan, Joxe Mari Olaizolarekin lankidetzan. Beraz, ohituta nengoen, eta gustatu egiten zitzaidan euskara irakastea. Ikasketaz delineatzailea naiz, baina ez dut sekula horretan jardun. Euskaltegian lanean hasi nintzenean, Filologia Hispanikoa ikasi nuen UNEDen. Euskal Filologia egiteko aukera bazen ordurako, baina Gasteizen, eta lanean ari nintzenez, ezin nuen eskoletara joan.

Zer helbururekin sortu zen euskaltegia Azpeitian?

Euskara indartzeko erabaki instituzionala hartu zuen Jaurlaritzak, eta asmatu egin zuela uste dut. Herriz herri sortutako euskaltegiak sare baten barruan sartzea zen helburua, baina gero hori ez zen gauzatu, eta euskaltegi bakoitza bere herriaren ardurapean geratu zen. Euskaltegietako lana profesionalizatu eta duindu egin zen, nahiz eta euskaltegi guztietan ahalegin horretan ari ziren lehendik ere. Erakundeetatik halako bultzada emateak, gainera, indarra eman zion euskarari. Euskaltegietan zuzenean aritzeko baimena lortu zuten gau eskoletan edo beste edozein tokitan euskara klaseak ematen hamar urte zeramatzaten irakasleek, eta bost eta hamar urte bitartean zeramatzatenek azterketa egin behar izan zuten. Nik hala egin nuen, Donostian, eta gaindituta, euskaltegietan eskolak emateko baimena lortu nuen. Galanta da, baina azpeitiar bat egokitu zitzaidan azterketako epaimahaian: Patxi Altuna euskaltzain zena.

Euskaltegia Euskara Patronatu bilakatu zen gero?

Hasieran, euskaltegia bakarrik izan zen Azpeitikoa, HABErekin lankidetzan sortutakoa. 1999an, ordea, pauso bat gehiago eman eta Euskara Patronatua sortu zuen udalak, eta haren barruan sartu zen euskaltegia. Patxi Saezek lortu zuen patronatuko zuzendari postua, eta patronatua hiru zatitan banatu zuten: euskaltegia, Elegune proiektua eta Erabiliren webgunea. Erabili.com ataria euskalgintzan erreferente izatera iritsi zen, baina gero indarra galdu zuen, beste erabaki batzuk hartu zituelako udalak. Geroago, etorkinen seme-alaba gaztetxoentzako, Etorkizun programa jarri zen martxan, eta gaur egun hiru adar ditu Euskara Patronatuak: euskaltegia, Elegune eta Etorkizun.

Euskararekiko grina nondik datorkizu?

Gazte-gaztetatik. Gure etxean denak euskaldunak eta euskaltzaleak ziren; euskararen aldeko jarrera zuten. 16 bat urte nituela, Betharrametan euskara eskola batzuk eskaini zituzten, eta haietan izan nintzen. Betidanik asko gustatu izan zait euskararen mundua, eta hizkuntza lantzea ere bai. Hala hasi nintzen irakasle lanetan Batzokian: "Hi moldatzen haiz euskaraz, eta klaseak ematen hasiko al haiz?", esan zidaten.

Ikasle pila bat izango zenituen urte guztiotan, ezta?

Bai, bai. Euskaltegia sortu zutenean, artean kontu berria zen euskara batuarena. Berez, urteak zeramatzan martxan, baina jendeak urrun ikusten zuen. Orduan, ez ziren asko eskolak euskaraz ematen zituztenak; ikastolak bai, ordurako martxan hasiak ziren eta. Egoera hartan, batez ere, euskara lanerako-eta behar zuen jendea gerturatzen zen euskaltegira, baita erdaldun jendea ere, euskaldunekin ezkondutakoak gehienak. Izan ere, orduan ere baziren euskal kultura interesatzen zitzaien edo euskara maite zuten etorkinak, eta haietako ikasle batzuk ere bagenituen. Gero, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak jarri ziren martxan, eta Azpeitiko Udalak ere zehaztu zituen horiek. Jendeak ikusi zuen eskakizun hori bete behar zuela, eta horrek ere izan zuen eragina. Urte guztiotan denetarik izan da euskaltegian: adin guztietako jendea, eta 70 urtetik gorako zenbait pertsona ere bai. Haietako batek esan zidan bazekiela ez zuela euskaraz ongi hitz egiten ikasiko, baina hizkuntza maite zuela eta gustatu egiten zitzaiola, eta... Beste batek EGA ere atera zuen. Beste ikasle batzuek, berriz, bizpahiru maila urtebetean egin izan dituzte. Urtero, batez beste, 80-100 ikasle izan dira euskaltegian, eta horietako askori eman dizkiet klaseak. Poza ematen du euskara ikasten zerotik hasi ziren pertsonak kalean ikusi eta orain horiek euskaldun petoak direla jakiteak; euskaraz agurtzen nautenean poza hartzen dut.

Zenbat urte egin dituzu Euskara Patronatuan lanean?

Euskaltegian 37 urte, guztira. 1984an hasita, hogei bat urte egin nituen euskaltegiko zuzendari karguan. Ondoren, Patxi Saez eta Aintzane Agirre aritu ziren lan horretan, eta azken urte hauetan Olatz Zabaleta aritu da. Hasiera hartan, zuzendariak ikasle talde bat hartzen zuen, astean hamar orduz eskolak emateko, eta gainerako orduak administrazio eta zuzendaritza lanak egiteko ziren. Kontua da udalean gero eta presentzia handiagoa hartu zuela euskarak; izan ere, proiektuak-eta euskaraz aurkezten hasi zen jendea, eta herritarrek agiriak euskaraz jaso nahi zituzten. Baina nork euskaratu behar zituen horiek? Niri esan zidaten, eta horretan hasi nintzen, hasieran lan bakanak zirelako. Gero, ordea, itzulpenen lan karga areagotzen hasi zen, eta askotan lanorduetatik kanpo eta asteburuetan aritzen nintzen itzulpen lanetan. Horrela ezin zuela izan eta, orduko alkate Joxe Mari Bastidari esan nion lan karga handia zela jada, eta irakasle edo itzultzaile lana aukeratzeko esan zidan hark. Irakasle lana alde batera utzi nuen. Ordurako Interneta bazen –eskerrak–,baita hainbat hiztegi eta lagungarri ere; Elhuyarren hiztegia, adibidez. Gero, 2000ko hamarkadako krisialdi ekonomikoa etorri zen, udalean aurkezten ziren proiektuen eta eskakizunen erritmoa apaldu egin zen, eta beraz, nire egitekoa ere bai. Orduan, itzulpen zerbitzua murriztea erabaki zuen udalak, eta lan jardunaren erdia itzulpenetarako eta beste erdia klaseak emateko baliatzen nuen. Azken bi urteotan, berriz, irakasle lanetan aritu naiz jardun osoz. Hasi nuen modu berean bukatu dut ibilbidea, irakasle lanetan.

2021eko Euskara Patronatuko lantaldea. (Utzitakoa)

Gustura aritu al zara?

Bai, oso gustura, benetan. Lana izan da, baina ez da zama izan. Izan ere, beti gustatu izan zait irakaskuntza. Egia esan, pena pixka batekin ere utzi dut lana. Noiz edo noiz utzi beharra dago, ordea, eta... Gazteei ere laga behar diegu bidea. Osasunez ere orain ondo gaude, eta aprobetxatu egin beharko dugu jubilazioa. Gazteak etorriko dira, gure ondorengoak sartuko dira.

Hamaika istorio bizitakoa izango zara. Anekdotarik bai?

Baditut, bai. Euskaltegiaren lehen eraikinean geundela, arratsalde batean lanera joan eta senar-emazte batzuk bulegoan zain nituela esan zidan lankide batek. Joan nintzen, eta hala esan zidan gizonak: "Ez dugu elkar ezagutzen. Kataluniarra naiz, eta euskara atsegin dut. Soldaduska Gasteizen egin nuen, eta lagun azkoitiarrak egin nituen. Haiek euskaraz hitz egiten zuten, eta gustatu egin zitzaidan hizkuntza; badakit ez dudala euskara ikasiko, baina kuriositatea daukat, eta zerbait egin nahi dut". Bartzelonara ariketak bidaltzeko eskatu zidan, eta halaxe hasi ginen. Bidaltzen nizkion, egiten zituen, eta bueltan bidaltzen zizkidan. Nik zuzendu eta Bartzelonara bidaltzen nizkion ariketa berriak eta zuzendutakoak. Joan Cuxart zen gizon hura –duela urte batzuk hil zen–, eta lagun egin nuen. Poemak euskaraz idaztera ere iritsi zen; hitz egiten ez, baina euskararen egitura-eta ikasi egin zituen. Aste Santuetan urtero etortzen ziren senar-emazteak Azkoitiko lagunak bisitatzera, eta haiekin bazkaltzen nuen egun haietako batean. Hiruzpalau aldiz joan nintzen haien etxera Bartzelonara. Harreman oso polita egin genuen.

Euskarak zer bilakaera izan du urteotan Azpeitian?

Erantzun asko dituen galdera poliedrikoa da hori. Hasiera haietan, modu boluntarioan aritzen ginen baliabide gutxi zegoelako; orduak sartu behar baziren, sartu egiten ziren. Beti ibiltzen ginen batetik eta bestetik euskaltegian lantzeko materiala ateratzen. Estandarizatzen direnean, bidesari bat ordaindu behar izaten dute hizkuntza guztiek, eta euskarak ere ordaindu du. Hasiera hartan ez zitzaion gehiegizko garrantzirik ematen gaztelaniatik sartu zitzaizkigun kalko semantikoei; nahikoa zen jendea euskara erabiltzen hastea, batez ere erdaldunak zirenak. Baina euskara ez da gaztelaniaren kalkoa; euskarak bere formak eta moldeak ditu. "Gose asko", "flipau" eta "klarue daukek" bezalako kalkoak ezinbestean onartu egin behar izan ditu euskarak, nahi ez izan arren, eta gazteen artean kalko horiek errotu egin dira, adierazkortasunaren izenean. Euskaraz ez al dago, ordea, horiek esateko beste modurik? Bai, baina kalko horiek jada barneratuta ditugu. Zentzu horretan, salbatuko den hizkuntza bakarretakoa ingelesa izango da, beste hizkuntza guztietan hartzen direlako haren kalkoak. Gai honi buruz irakurtzen aritu naiz, eta badakit frantziarrak eta espainiarrak haserre dabiltzala ingelesetik kalko asko ari zaizkielako sartzen. Beraz, milioika hiztun dituzten horiek protestan ari badira, pentsa zer gertatuko zaion euskarari hain hizkuntza txikia izanda! Zaindu egin behar dugu gure hizkuntza, aberastu eta txukun erabili, geure espresiobidea baita. Kalitateari begiratu beharrean, kantitateari begiratzen zitzaion lehen. Izan ere, euskara gainbeheran zela eta, salbatu egin behar zen, eta horretarako hiztunak behar ziren. Euskaraz erdipurdi egitea ere baloratu egin da, eta egia esan, nahiago nuke Euskal Herriko biztanle guztiok erdipurdi bada ere euskaraz aritzeko gai izango bagina. Ahalik eta ondoen arituta hobe, jakina.

Euskara Patronatuak zer erronka ditu aurrera begira?

Erronka asko, eta etorkizun interesgarria ere bai. Patronatuari daukan garrantzia eman behar zaio. Egia da Azpeitiko biztanleen %90 euskaraz aritzen direla, baina oraindik badira jorratzeko esparru batzuk, hala nola etorkinena, etorkinen seme-alabena, enpresa munduarena... Erronka handiak dira, baina heldu egin behar zaie. Bada zer egina, egunen batean euskaraz funtzionatuko duen Euskal Herria lortzeko.

Kezkarik sortzen al dizu euskararen norabideak?

Bai. Hizkuntza bat ez da jakiteko soilik, erabiltzeko da; hori da hizkuntzaren existitzeko arrazoia. Giza talde batek hizkuntza bat adierazteko garatu du. Jakin bai, baina erabili ez? Arraroa da. Zerk eraman gaitu horretara? Garai batean baino arrazoi gehiago daude horretarako: euskara ez beste hizkuntzatan aritzen diren hainbat eta hainbat telebista kate ditugu, eta orain modan dauden plataformetara joaten bagara, irla txiki-txiki bat gara. Zerbait erakargarria sortu behar dugu jendeak euskarazko edukiak kontsumi ditzan: egunkariak, informatikako gauzak, liburuak, telebista, irratia, sorkuntzaren mundu digital guztia... Hortik jo behar dela uste dut. Lortuko al dugu? Baikorra naiz, eta gure gizarteak lortuko duela uste dut, baina urte luzeetako lana izango da. Gu ordurako beste lekuren batean izango gara...

'Mateo txistu' filmeko lantaldea, 1987an. (Utzitakoa)

Azpeitiko zineklubean ibilbide luzea egina zara. Nola oroitzen duzu sasoi hura?

Betidanik izan naiz zinemazalea; gure kuadrilla Soreasun izaten zen igandero-igandero. Egun batean, Pepe Azpiazu eta Olatz Errazkin etorri ziren nigana, eta hala esan zidaten: "Zineklub bat sortu nahi diagu. Hiri zinema asko gustatzen zaik, eta nahi al duk taldeko partaide izatea?". Baietz esan nien, taldea osatzeko jendea behar zutela eta. Bilera bat egin eta lagun taldea osatu genuen: Ramon Etxeberria, Jabier Arenas, Anjel Rodriguez... etorri ziren, baita beste lagun pila bat ere. Martxan hastean, zinema emanaldi bakoitzean orri bat banatzen genuen, filmaren sinopsiarekin eta zuzendariak film harekin izan zituen asmoekin. Hura izaten zen emanaldiaren osteko eztabaidarako gida. Hasieran, euskaraz eta gaztelaniaz ateratzen genuen orritxoa, eta ibilian-ibilian neu hasi nintzen euskarazko zatiaz arduratzen. Gero, hilero eskuorri bat ateratzen hasi ginen. Zinema emanaldiez gain, beste hainbat gauza ere egiten genituen: adibidez, pelikula txikiak super 8 formatuan, gero Zestoako Zine Topaketetan, Lekeitioko Zine Bileran eta Euskal Herri osoko zinema lehiaketetan aurkezteko. Sari pila bat lortu genituen. Horrez gain, herrian tomabistasak zituztenei begira, pelikulak muntatzen eta horiei soinua jartzen ikasteko saioak ere antolatu genituen, eta argazkilaritzako saio batzuk ere bai.

Zer lan egin zenituzten?

Zinema lantxo asko egin genituen, gehienak super 8 formatuan, hura zelako garai hartan zegoena. Artean bideoa ez zen hemen ezagutu ere egiten; hori gerora etorri zen. Egin genuen pelikula haietako bat Kutsadura izan zen, ibaietan izugarrizko kutsadura zegoelako garai hartan. Beste film bat 16 milimetroan egin genuen: Mateo Txistu. Kolaboratzaile asko ibiltzen ziren gurekin: aktoreak, makilatzaileak, kameralariak... Pako Aristirekin ere egin genuen beste lan bat, fantasiazkoa, Super 8 Zentury Plast! izenekoa. Jende asko mugitu zen orduan, eta aktore lanetan hainbat lagun aritu ziren: gogoan ditut Imanol Eliasen antzerki taldeko Juanito Bikendi, Pedro Otaegi, Pilar Aizpitarte, Joxe Aranburu... Asko izan ziren lan haietan ibili ziren herritarrak; barka nazatela ez baditut denak aipatzen. Herriz herri ibiltzen ginen guk egindako lanak erakusten.

Zeu ere aktore lanak egina zara, ezta?

Bai, 1982an, baina konturatu nintzen ez nuela horretarako balio, eta gehiago ez nuela egingo esan nien [barrez]. Ni hobeto moldatzen nintzen kameraren atzean. Azken lamia filmean parte hartu nuen. Lan haren argumentua zen lamia modernoa zela telebista, haiek bezala jendea liluratzen zuelako. Ni telebistari begira lelotuta zegoen halamoduzko artzain bat nintzen. Pepe Azpiazu nire aingeru guardakoa zen, eta ni zaindu behar ninduen. Horregatik, zerutik lurrera jaitsi zen, ni telebistaren atzaparretatik ateratzera. Pelikulak egiten mundial pasatzen genuen, eta film haren grabaketan izugarriak egin genituen; izan ere, izugarrizko imajinazioa zuten taldeko kide batzuek. Pepe zerutik lurrera jaisten irudikatzeko A-8 autobideko tunel bat baliatzea otu zitzaien: Anjel Rodriguezek butanoa banatzeko erabiltzen zuen kamioia hartu, gainean zilindrada handiko motortzar bat lotu eta haren gainean jarri zuten aingeruz jantzita Pepe. Kamera kontrapikatuan jarri zuten, kamioia ziztu bizian A-8 autobidean aurrera zihoala grabatzeko. Pentsa autobidean zihoazen gidariek zer ezusteko hartuko zuten koadro hura ikustean [barrez]. Ez dakit nola konbentzitu zituzten autobideetako arduradunak une hura grabatzeko baimena emateko. Horrez gain, Errezil aldeko koba batean grabatu genuen film haren beste zati bat, eta kobara argindarra irits zedin, fokuentzat behar genituen 200 metrotik gora kable pasatu genituen. Orduan genuen ausardia ez zen neurtzeko modukoa; okurritu eta egin, ez zegoen egin ezin zenik.

Zineklubak gainbeheran dira orain...

Garai hartako seme-alabak ginen. Francoren heriotzaren inguruko urteak ziren, eta ez zen adierazpen askatasunik. Nola lor zitekeen hori? Zinekluba zen bide bat, edo bestela, kultur ekitaldiak. Zinekluba booma izan zen; Soreasun 900 bat lagun kabitzen ziren goiko eta beheko solairuetan, eta askotan betetzen zen. Garai hartan arte eta entsegu filmak ekartzen genituen, zinemagileen lan pertsonalak, publiko orokorretik kanpokoak, eta arazoak izaten genituen. "Arriskutsutzat" hartuta zeuden, pentsarazi egiten zutelako; gertatu izan zitzaigun filma eskatu eta ukatzea. Behin, The Who taldearen Quadrophenia eman genuen, eta leporaino bete zen; jendea pasilloetan eta dena egon zen... Gaur egun, dena esku-eskura dugu etxean. Bestalde, zoritxarrez, galdu egin da zinekluben ohitura hori, eta egia esan, pena sentitzen dut, pentsatzen ikasteko bidea direlako. Ezer ez da eman behar ziurtzat; ziur egonda ere, besteak esandakoa entzun egin behar da, beste begi batzuk ere badirela ikusteko. Besteak zer esaten duen entzutea garrantzitsua da, baita horretaz hausnartzea ere, eta gero ikusiko duzu ados zauden ala ez, baina arrazoitzen ikasi behar da. Gaur egun, asko galdu da hori; dena ontzat ematen da, dena sinesten da. Kritikotasuna galdu da, baina gauzak kontrastatu egin behar dira. Nik zineklubean ikasi nuen horretan, eta gainera, taldean mundial pasatzen genuen. Eskola polita izan zen niretzat, ideia desberdinak genituen pertsonen batura zelako.

Politikan aritua ere bazara. EAJko zinegotzi izan zinen Azpeitiko Udalean, Uri Buru Batzarreko presidentea ere bai...

Bai, 1983an hartu nuen zinegotzi kargua, Imanol Elias alkate eta Joxe Mari Bastida alkateorde zirela. 1984an etorri zen euskaltegiaren sorrera, eta bi lanak bateragarriak ez zirenez, zinegotzi kargua utzi egin nuen urtebete eginda. Dena den, lau agintalditan jarraitu nuen Kepa Ibarzabal Festa zinegotziari bere zereginetan laguntzen. EAJko afiliatua naiz, eta denboraldi batean Uri Buru Batzarreko mahaiko kide eta buru ere izan nintzen. Azken urteetan, baina, egiteko horietatik atseden hartu dut. 2017an, berriz, Aberria bihotzean. Azpeitiko EAJren 110 urteko historia liburua idatzi nuen, gure herriko EAJren ibilbidea gal ez zedin.

Asko gustatzen al zaizu politika?

Gustatzen zait edo, hobeto esanda, herrigintza interesatzen zait; bestela ez nintzatekeen hor ibiliko. Hala ere, nire asmoa ez da sekula izan politikan ez dakit nora iristea. Ikusten nuen nire lekua euskaltegia zela, eta horrekin bateragarria zela Uri Buru Batzarreko kide izatea. Herri honetan gauza asko zegoen egiteko garai hartan; oraindik ere badaude, baina azken urteotan bigarren plano batean nago, gure alderdian badagoelako lan horiek oso ondo egiten ari den jende berria eta gaztea. Ni politikan bigarren mailan edo alderdiko erakundeen barruan aritu naiz; izan ere, alderdi batean laguntza behar izaten da, oinarri baten babesa, eta horretan aritu naiz. Dena den, garai gogorrak ere bizi izan genituen: Uri Buru Batzarreko lehendakari izendatu orduko, diana bat pintatu zidaten etxeko karreran, erdian "Pello" idatzita; edo gazteagotan, hogeitaka urterekin Erdikalean gora eta behera ibiltzen ginenean, zenbait tokitatik pasatzean, "ta-ta-ta-ta" metraileta zarata oihukatzen ziguten. Garai gogorrak izan ziren, eta gertaera haiek eragin egiten zizuten, baina niretzat baino okerragoa zen etxekoentzat... Ni nire gogoz nenbilen kontu haietan, baina etxekoek ez zuten ni herrigintzan sartuta ibiltzearen batere errurik. Orain giroa lasaiago dago; zorionez, egoera aldatu egin da. Ideia desberdinak izateak ez du esan nahi elkarren etsaiak garenik; gaztelaniaz oso ondo bereizten dituzte adversarios eta enemigos. Ideia desberdinak izan arren, elkarrekin hitz egin eta elkar errespetatu behar dugu, erdibidera iritsi behar da,
bi aldeak konformatuko garen lekura.