Donostiako Zinemaldian emango dute Nagore Aranburuk parte hartu duen 'Competencia oficial' filma

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 31a, 09:00
Penelope Cruz eta Nagore Aranburu, 'Competencia oficial' filmeko une batean. (Mediapro)

Perlak atalean emango dute Gastron Dupatek eta Mariano Cohnek zuzendutako filma. Penelope Cruz, Antonio Banderas eta Oscar Martinez aktore entzutetsuak dira pelikulako protagonistak, eta Aranburuk bigarren mailako pertsonaia bat hezurmamitzen du bertan.

Nagore Aranburu azpeitiarrak Gastron Dupatek eta Mariano Cohnek zuzendutako Competencia oficial umorezko filmean parte hartu du, eta Donostiako Zinemaldiko —irailaren 17tik 25era izango da—Perlak atalean izango da ikusgai irailean; ikus-entzunezkoa Veneziako 78. Jaialdian aurrestreinatuko dute, eta sail ofizialean lehiatuko da.

Competencia oficial filmeko protagonistak Penelope Cruz, Antonio Banderas eta Oscar Martinez aktore entzutetsuak dira. Sinopsiak dioenez, enpresari aberats batek arrastoa utziko duen film bat egiteko Lola Cuevas (Penelope Cruz) eta izen handiko bi aktore kontratatzen ditu: Hollywoodeko Felix Rivero (Antonio Banderas) eta Ivan Torres (Oscar Martinez) aktore erradikala. Bi aktore horiek elkarren artean ez dira ondo konpontzen, eta Lolak elkarren aurka jarriko dituen proba bitxi batzuk ezartzen dizkie bi horiei.

Nagore Aranburuk bigarren mailako pertsonaia bat hezurmamitzen du filmean, eta Mediapro ekoiztetxeak plazaratutako aurrerapen bideoan ikus daiteke azpeitiarra antzezten. Hona hemen filmaren trailerra: