Aizpuru III.ak erremonteko Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 30a, 08:10
Azpeitiarra, ezkerretik lehena, atzo egindako aurkezpenean. (Argazkia: Oriamendi2010)

Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak Ansa II.a eta Zubiri izango ditu aurkari finalerdietara sartzeko bidean. Hiruretako onenak lortuko du Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenearekin batera finalerdiak jokatzea. Txapelketa bihar hasiko da, Hernaniko Galarretan.

Atzo, osteguna, erremonteko XXXIX. Kutxabank Buruz Buruko Txapelketa aurkeztu zuten Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Txapelketan parte hartuko duten sei erremontisten izenak jakinarazi zituzten aurkezpenean, eta horien artean izango da Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarra. Azpeitiarra sailkapen fasean aurrera eginda sartu da txapelketan. Urriza, Barrenetxea IV.a, Juanenea, Ansa II.a eta Zubiri erremontistak izango dira txapelagatik borroka egingo duten beste bost erremontistak.

Txapelketa bihar, larunbata, hasiko da Hernaniko Galarretan. Aizpuru III.ak, ordea, ez du lehen jardunaldian jokatuko; bihar, Zubirik eta Ansa II.ak neurtuko dituzte indarrak. Ansa II.ak, Zubirik eta Aizpuru III.ak sailkapen ligaxka jokatuko dute, hiruretako onenak lortuko baitu bakarrik finalerdietara sailkatzea. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, txapelketatik kanpo geldituko dira; izan ere, finalerdietara sailkatzen den pilotariak Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea izango ditu aurkari. Sailkapena puntuen araberakoa izango da, eta partida guztiak ostegunetan eta larunbatetan jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. 

Behin finalerdietan, lau pilotari onenek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehen sailkatua finalera sailkatuko da zuzenean, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek beren artean neurtu beharko dituzte indarrak finalerako azken sailkapena lortzeko. Finalaren atariko irailaren 4an jokatuko dute, eta finala irailaren 11n.