Koronabirusa Azpeitian

Zortzi positibo berrirekin goraka jarraitzen du Azpeitiko intzidentzia tasak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 28a, 13:48

749,01era igo da Azpeitiko intzidentzia tasa, eta eremu gorrian jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa ere goraka ari da, eta 853,98koa da azken datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri duen txostenaren arabera, atzo 65 lagunek eman zuten positibo eskualdean, koronabirusa hautemateko egindako probetan. Herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta adierazleek gora egiten jarraitzen dute: Azkoitian izan ezik, igo egin da intzidentzia tasa Urola Kostako herri guztietan.

Azpeitian zortzi kasu atzeman zituzten atzo, herenegun zenbatutakoen erdiak; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak goraka jarraitzen du, eta une honetan 749,01ekoa da. Joan zen asteazkenetik ia bikoiztu egin da tasa, orduan 361,37koa baitzen, eta eremu laranjan zegoen herria.

Bestalde, eskualdean Zumaian atzeman zituzten kasu gehien. hamazazpi. Herenegun intzidentzia tasa apur bat jaitsi bazen ere, kopuru altu horren ondorioz gora egin du berriro, eta 1.190,6ko tasa dute egun kostaldeko herrian–eskualdeko altuena–. Zarautzen ere kasu ugari ari dira zenbatzen azkenaldian; hamabost izan ziren atzo, baina hala ere jaitsi egin da apur bat herri horretako intzidentzia tasa. Azken datuen arabera, 835,23koa da gaur egun. Adierazle horren igoerarik handiena Zestoan eman da: hamar kasu berrirekin, 200 puntu baino gehiago igo da intzidentzia tasa, 950,18raino. 

Getarian lau kasu berri zenbatu zituzten atzo eta 812,72ra igo da tasa; Orion ere gorakada izan du adierazleak –962,17 da herri horretako kasu metatuen tasa–, atzo sei kasu berri hautemanda. Aian ere 50 puntu baino gehiago igo da intzidentzia tasa–atzo igoera bera izan zuen–, herrian bi kasu berri zenbatuta.

Azkoitian eta Errezilen behera egin du intzidentzia tasak. Dena den, Azkoitian kopuruak oso altua izaten jarraitzen du: hiru kasu berri atzemanda, 1.118,25 da gaur egun adierazlea. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute kasu berririk zenbatu, eta hurrenez hurren, 130,04, hutsa eta 161,03 dira herri horietako intzidentzia tasak.

853,98ko tasa metatua

Hego Euskal Herrian, atzo egindako 14.247 probetatik 1.954k eman zuten positibo. Positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %13,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 14,7koa Nafarroan. Atzemandako kasu positiboetatik 964 Bizkaian zenbatu zituzten, 433 Gipuzkoan, 382 Nafarroan, 133 Araban, eta 42 lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak okerrera egin du berriro ere: 26,5 puntu igota, 853,98ean dago. Birsorkuntza tasak, ordea, behera egin du beste behin, eta 1eko mugatik gertu kokatu da; 1,03an dago, azken datuen arabera.

Ospitaleetako egoerak, tamalez, okerrera egiten jarraitzen du apurka-apurka. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik ospitaleratuta dauden gero eta lagun gehiago daude; 63 lagun ospitaleratu zituzten atzo, gaur-gaurkoz 232 dira ospitaleratuak, eta horietatik 60k behar dituzte zainketa bereziak–atzo baino batek gehiagok–.