Hezkuntzaren segregazioa

Aitor Unanue 2021ko uzt. 20a, 11:30

Aitor Unanuek honako gutun hau bidali du, larunbatean Donostian egingo duten manifestazioari lotuta.

Segregazioa hezkuntzan behin eta berriz aipatu izan den kontua da: askotan jardun izan da hezkuntza sare desberdinak izateak eta bakoitzean gurasoek jokatzen dituzten rolak nahiz ondoriozko ordainak nolabait gizarteko sektore desberdinen arteko segregazio eragile ote diren. Behin eta berriz entzun genuen herri ekimeneko ikastolak segregatzaileak zirela hainbat sindikaturen aldetik, nahiz eta ondo zekiten ikastoletan barne beka sistemak ondo hedatuak direla kooperatiba kuotak ordaintzeko zailtasunak dituzten ororentzat.

Ordea, egun badirudi hezkuntzan segregazioa desagertu egin dela; nekez entzuten da gaiaren inguruko hausnarketarik edo salaketarik. Gainera, inoiz baino nabariagoa da ikasle ororen gizarteratzea, sozializazioa, eta hezkuntza sare guztietan indarrean diren neurriek, guztiz baldintzatu ez ezik, galarazi egiten dutela: ikasleei aurpegia estalarazteak, elkarrengana gerturatzen ez uzteak, elkarlanean aritzea debekatzeak –elkarri irakastea galaraziz–, ikastetxetik kanpo elkarrekin egiten dituzten ibilaldiak kentzeak eta ikastetxeetako jai ospakizun guztiak bertan bera uzteak. Segregazioa ez ezik, ikasle guztien gizarteratzea galarazten ari dira ikastetxeak.

Ondorioz, oztopo bihurtu da ikastetxea ikasleak bere garapenean familiatik gizartera egin beharreko bidean, bere funtzio nagusiari uko eginez.

Hezkuntza inklusiboaz hitz egitea utopikoa da baldintza horietan, eta guztiz bortxatzen da ikasle bakoitzari dagokion kalitatezko hezkuntzarako eskubide unibertsala.

Gaur ikastetxeetan indarrean diren eta Hezkuntza Sailak mantendu nahi dituen neurriek ez dute inolaz bermatzen ikasle orori dagokion hezkuntza eskubidea, hezkuntza inklusiboa. Segregazio eragile eta haurraren garapenean oztopo dira.

Hori guztia pandemia batekin justifikatu nahi izan da, baina jada bada nahiko informazio eta azterketa zientifiko hori aitzakia baino ez dela agerian uzten dutenak: gaitzaren hilkortasun tasa hutsa da sektore horietan, gaixo asintomatikoen kontua aspaldiko gezurrik zabalduena izan da eta gaixo ez denak transmititzen duela ere hutsaren hurrengoa da.

Orain artekoa gutxi bazen, 1945az geroztik debekatu zuten gizakien gaineko txerto esperimentazioa, eta horretan parte hartzera gonbidatzen ari dira ikasleak.

Ez al da jada nahikoa hezkuntzarekiko neurrigabeko eraso horren aurrean zerbait egiteko hezkuntza eragileentzat, sindikatuentzat, guraso elkarteentzat, ikastetxe elkarteentzat eta hezkuntzan ardura daukazuen guztientzat? Noiz arte jarraitu beharko du isiltasun honek? Noiz arte konplizitate honek?

Europan salduena den Bild paperezko egunkari alemaneko zuzendariak egin duen bezala, inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko eta astakeria hau salatzeko.

Uztailaren 24an, larunbata, Donostian manifestazioa egingo da, 12:00etan, Sagues-Zurriolan.

Nahikoa da! Aski da!