Giro ederrean eta umorez ospatu dute Gaztetxearen 16. urteurrena

Maialen Etxaniz 2021ko uzt. 18a, 14:03

Ostiralean hasi ziren Gaztetxearen 16. urteurrena ospatzeko ekintzak, parrilladarekin eta parodiarekin. Atzo, zapatua, borobildu zuten egitaraua, eta paella txapelketa, bazkaria eta kontzertuak egin zituzten. Guztira, hamabi paella egin zituzten, eta bazkaritarako nahiz kontzertuetarako sarrerak agortu egin ziren. 

Azpeitiko Gaztetxeak 16 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko askotariko ekintzak egin dituzte ostiraletik larunbatera bitartean. Ostiralean parrillada eta parodia egin zituzten Sanagustinpean, eta jende ugari animatu zen parodia ikustera. Ohi bezala, herrian pil-pilean egon diren askotariko gaien inguruan aritu ziren, umoretik autokritika nahiz kritika eginez. 

Atzo, larunbatez, egun osoko egitarauarekin borobildu zituzten urteurrenerako antolatutako ekintzak. 11:00etan hasita, paella txapelketa izan zen plazan, eta guztira hamabi talde animatu ziren paella egitera. Epaimahaiaren arabera, Leire Iriarte eta Asier Monasterio izan ziren irabazleak; paellarik goxoena egin zutenak. Bazkalostean egin zuten sari banaketa, eta etxeko patxarana eta Gaztetxearen kamiseta eraman zituzten sari gisa. Hasierako asmoa jolasak egitea bazen ere, hainbat arrazoi tarteko jolasik ez egitea erabaki zuten, eta kontzertuekin itxi zuten urteurreneko ospakizun festa. Atzokoan Azpeitiko bi musika talde igo ziren oholtzara: No Place eta Istilu. No Placeko musikari gazteak izan ziren emanaldia eskaintzen aurrenak, eta gogotik gozatu zuten oholtzan. Istilu musika taldekoak igo ziren ondoren oholtzara, eta bi taldeetako musikariek elkarrekin abestuz bukatu zuten emanaldia. 

Atzoko ekintzetara ere jende ugari animatu zen, eta bazkarirako nahiz kontzertuetarako sarrera guztiak agortu ziren. 

(Argazkiak: Maialen Etxaniz eta Azpeitiko Gaztetxea)