Udaleku irekien balorazio positiboa egin du udalak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 16a, 15:39
Aurtengo udaleko irekietako irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Gaur, ostirala, amaitu dira aurtengo udaleku irekiak, eta parte-hartzaileen erantzuna "izugarria" izan dela azaldu du udalak. Guztira, 405 haurrek parte hartu dute udalekuetan, eta 46 hezitzaile aritu dira lanean.

Udaleku irekien azken eguna izan da haurrentzat nahiz hezitzaileentzat gaur, ostirala, eta Azpeitiko Udalak aurtengo udalekuen balorazio positiboa egin du. Erakundeak nabarmendu duenez, COVID-19ak baldintzatu ditu aurtengo jarduerak; hala eta guztiz ere, "eskaintza oparoa" egon dela azpimarratu dute, eta parte-hartzaileen erantzuna "izugarria" izan dela.

Aurten, guztira, 405 haurrek eman dute izena udalekuetan, eta 46 hezitzaile aritu dira horiek zaintzen. Azken urteetan egin ohi zuten moduan, edizio honetan ere herriko eragileekin elkarlanean egin dituzte zenbait ekintza; esaterako, Xeye atletismo taldearekin, Kulturazeko lantaldearekin, Burdinbidearen Euskal Museoarekin eta Ekoetxekoekin aritu dira elkarlanean. Besteak beste, mendi irteerak, eskulanak eta Altxorraren bila jolasa egin dituzte aurten. Udalak nabarmendu duenez, eguraldiak lagundu ez duen arren aurreikusitako ekintzak egin ahal izan dituzte haurrek.

Bestalde, aurten ere Txiki Txoko eta Iturritxiki ludoteketan zaintza zerbitzua eskaini dute, eta zerbitzuak "erantzun ona" izan duela jakinarazi dute. Gurasoen partetik ere "balorazio positiboa" jaso dutela azaldu dute.

Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko Gazteria zinegotziak esan duenez, erantzun "oso ona" izan dute udalekuek: "Aurtengoan ere udal udalekuen bidez haurrei aisialdiaz elkarrekin gozatzeko aukera eskaini diegu. Erantzuna oso ona izan da, eta gustura gaude azken hilabete honek eman duenaz. Ezohiko egora batean egonagatik, haurrek jolasaz eta lagunarteaz gozatzeko aukera izan dute". Bestalde, Larrañagak adierazi du urtez urte eskaintzen den zerbitzua hobetzen ahalegintzen dela erakundea, eta aurten jasotako hobekuntza proposamenak datorren urtean kontuan izango dituztela udaleku irekiak antolatzerakoan.