Auf Wiedersehen mutilak!!!

Patrick Konrad. (@LeTour)

Patrick Konrad austriarrak irabazi du Pirinioetako lehena, ihesaldiko indartsuena izanda; Alex Aranburu ihesaldian sartu da, baina Tourrean zailtasuna biderkatu egiten dela ikasi du Ezkiokoak; oilarrak ez dira mugitu, datorrenaren beldur.

Zenbat kostatzen den Tourrean etapa bat irabaztea... Galde diezaiotela David Gauduri, edo bere taldeari, Groupamari, nola ari diren saiatzen etapa bat irabazten, baina ezin. Ihesaldietan sartzea zaila bada, askoz zailagoa baita garaipena lortzea. Tourra korritzen duten ia denak txirrindulari bikainak direlako, ibili egiten direlako asko, eta izenak ez duelako ezertarako balio. Gaudu eguneko ihesaldian sartu da berriro, Tourrean laugarrenez, eta itxuraz hori zen berarentzat pauso zailena. Aurretik, baina, lau lagun elkartu dira, minutu erdiko aldearekin kilometro askotan, baina ezin haiek harrapatu. 10-12 segundora ere izan dituzte Gauduk, Aranburuk, Matthewsek, Colbrellik eta bestek, laukotea. Han, Patrick Konrad zaldia, Bakelants eta Doubey zeuden.

Harrapatu izan balituzte, etapak beste bilakaera bat izango zuen, baina ez dituzte harrapatu. 35-40 segundora handitu dute zuloa berriro, atzean jazarpenean ari zirenen artean zenbaitzu erreleboetan zuhurkerian aritu baitira. Portet d'Aspeten erabaki da etapa. Aurrean eta atzean. Aurrean Konradek erasotu egin du, eta aise hanka egin bakarrik gainaren bila. Atzean Gauduk hautsi du, indartsuena zelako. Colbrellik eutsi egin dio, italiarra esprinter soila baino askoz gehiago dela berretsiz. 35 segundoko atzerapena zeukan bikoak Aspet mendatean. Helmugaraino 30 kilometro artean, baina Konrad harra¡patzeko Ducati bat behar zen gaur, ez ziklisten hankapelota zigortuak. Arriskatu egin du Borako austriarrak Aspeteko jaitsieran, eta Saint Gaudensera zeraman ibilbide nekosoan gatza eman pedalei. Garaipen ederra lortu du.

Astanak lan ona egin du Alex Aranburu ihesaldian sartzeko. Zaintza lan bikaina egin dute Omar Fraile eta Ion Izagirre euskaldunek, Ezkiokoa beti lasterketa burutik gertu mantentzeko, eta hala lortu dute Goierrikoa buruan kokatzea. 85 kilometroko borroka ero eta gogorraren ostean egin da eguneko ohesaldia. Etapa ona zen Aranbururentzat, bukaera aproposa, baina Tourra Tourra da, maila ikaragarria da, eta Aranburuk komeriak izan ditu Aspet mendatea bere multzoko onenekin batera pasatzeko. Azken kilometroa ere egokia zen Aranbururentzat, baina bost lagun izan ditu aurretik. Colbrelli eta Matthews, besteak beste.

Nagusian apenas egon da mugimendurik. Laugarren mailako azken mendatean hautsi egin du tropela Van Aerten erritmoak, eta dozena bat lagun sartu dira buruan, tropelarekiko minutu eskaseko aldearekin. Indarrak gorde nahi izan dituzte askok, hurrengo bi egunetan etapa gaiztoak izango dituztelako, eta eguraldi fresko eta hezearekin. Biharkoa Tourreko etapa gogorrenetakoa da: Muret-Col du Portet, 178 kilometro. Lehen 110 kilometroak lauak dira, goranzo joerarekin. Muturreko latzak izango dira ihesaldia harrapatzeko, baina nekez lortuko dute arrakasta, azken 65 kilometroetan erdiak baino gehiago gorantz baitira. Eta ez errazak. Peyresoudek 13 km. eta %7,2ko batez besteko pendiza du. Jaitsi eta Val Louron, laburragoa, 7,4 km eta %8.4ko malda, eta hura jaitsi eta hauspoa lasaitzeko astirik gabe, Tourreko mendate gogorrena: Col du Portet, 2.215 metro, 16 kilometro luze, eta batez besteko malda %8,7koa. Bakarren batek Pogacar kolpatu nahi badu, ezin aproposagoa da bukaera. Nahi izatea, baina, erraza da. Egitea ez hainbeste!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide