Loiolako Ignazioren konbertsioa jasotzen duen filma egiten ari da Imanol Rayo

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 14a, 08:24
Imanol Rayo zuzendaria 'Hil kanpaiak'-en grabaketan.

Iñigo izena jarri dio filmari, eta datorren irailaren 27an estreinatuko dute lana Loiolako Basilikan.

Loiolako Ignazioren konbertsioa jasotzen duen filma egiten ari da Imanol Rayo zinema zuzendari iruindarra. Iñigo izena jarri dio filmari, eta besteak beste, elkarrizketa eza, argi naturala eta soinuaren birsorkuntza dira 85 minutuko lanaren ezaugarri nagusiak. Ohiko lantaldearekin egin du filma Rayok, eta Xabier Godino da filmeko aktore bakarra.

Lana irailaren 27an estreinatuko dute Loiolako Basilikan, Loiolako Ignazioren konbertsioaren 500. urteurrenaren bueltako ospakizun egitarauaren barruan. Dena den, oraindik ez dute ekitaldi horien berri eman Jesusen Lagundiako kideek.

Ez da Rayok Azpeitiarekin lotuta egin duen lehen filma izango Ignaziorena; izan ere, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil nobelan oinarritzen den Hil kanpaiak filma berak zuzendu zuen.