Koronabirusa Azpeitian

Zortzi positibo baieztatu ditu Osasun Sailak herrian

Amaia Urbieta 2021ko uzt. 13a, 13:16

Puntu batzuk gora egin du herriko intzidentzia tasak Azpeitian. 346,68koa da gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa. Ekainaren 30az geroztik, berriz, ez da COVID-19ak eragindako heriotzarik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu ditu atzo, astelehena, PCR eta antigeno testetan herriz herri atzemandako kasu positiboen datuak. Txostenaren arabera, Azpeitian beste zortzi positibo hauteman dituzte azken orduetan, eta horrek azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasaren gorakada ekarri du herrian. Eremu horiari eusten badio ere, 210,25ekoa zen atzo herriko tasa, eta orain 256,24koa da. Hamazazpi positibo hauteman dituzte azken zazpi egunetan herrian. 

Urola Kosta eskualdean, berriz, 38 kasu positibo atzeman zituzten atzo egindako probetan. Duela astebete atzemandakoen bikoitza baino gehiago da hori, izan ere, aurreko astelehenean hamasei positibo zenbatu zituzten. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan izan ezik, eskualdeko herri guztietan atzeman zuten kasuren bat atzo. Zehazki, hamar zenbatu zituzten Zarautzen, zortzi Zumaian, bost Azkoitian, lau Orion, bi Aian eta bat Getarian.

Positibo berrien gorakada nabarmenak eragina izan du herriz herriko intzidentzia tasetan ere, eta kasuak atzeman dituzten herri guztietan egin du gora adierazle horrek. Une honetan eremu laranjan sartuta daude Azkoitia (350,50), Orio (326,16) eta Zarautz (368,36). Zumaiak, berriz, eremu gorrian jarraitzen du (885,32). Aian (251,89) eta Getarian (141,34) ere igo egin da intzidentzia tasa.

Kopurua gora, positibotasun tasa behera

12.539 proba egin ziren atzo guztira Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.272 lagunek eman zuten positibo. Atzo baino gehiago badira ere, positibotasun tasak hobera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %8,3koa da tasa hori gaur, eta %9,2koa zen atzo. Nafarroan, berriz, gora egin du datu horrek apur bat: proba egin dutenen %15,9k eman dute positibo gaur lurralde horretan, eta atzo %15,5ek. Lurraldeka atzemandako datuei erreparatuz gero, 94 kasu zenbatu zituzten Araban, 404 Bizkaian, 251 Gipuzkoan eta 484 Nafarroan. Bestetik, 346,68koa da gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa.

Berririk onenak ospitaleetatik datoz gaurkoan; izan ere, atzokoan 26 ospitaleratze berri izan baziren ere, Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden pazienteak 23 dira egun (atzo baino bost gutxiago). COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, berriz, 87 dira denera (atzo baino bost gehiago). Gaixotaxunaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,30ekoa da. Ekainaren 30az geroztik, ez da COVID-19ak eragindako heriotzarik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.