Malen Amenabar: "Asko gustatzen zait taldean lan egitea eta sortzea"

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 25a, 10:08
Malen Amenabar, marrazten. (Alex Berasategi)

Azpeitiko erroak ditu eta Azpeitian bizi da gaur egun Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1994). Gurasoek bultzatuta ikasi zituen Arte Ederrak, Txakur Gorria sormen taldeko kidea da, eta "zorteduna" dela kontatu du 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian, ilustratzaile profesionala izatea lortu baitu.

Oposizio prozesu bat amaitu berri duzu. Sortzaileen prekarietateaz zenbat adierazten du horrek?

Neure aldetik hainbat lan egiten ditut; gainera, Txakur Gorrian nago, eta Bertsozale Elkartean diseinatzaile lanetan ere aritzen naiz. Beraz, agian ez naiz prekarietateaz hitz egiteko egokiena, lana dudalako eta ikasi nuen horretan egiten dudalako lan. Egia da 'segurola' jokatzekoa eta badaezpada ateak irekitzekoa izan naizela beti. Iaz, pandemiaren eraginagatik, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean (ABEEE) sartu ginen, Txakur Gorrian ere lan guztiak erori zitzaizkigun... Momentu hartan aukera zegoen Hezkuntzako oposizioetan izena emateko, eta hala egin nuen; prozesua hainbeste luzatu denez, oraintxe egin dut azterketa. Nire kasu pertsonalean, ezegonkortasun momentu baten ondorioz egin ditut oposizioak. Egia da gaur egun oso zaila dela sortzaile bezala lan egitea; pandemiaren hasieran ikusi zen zer behar dagoen kultura sortzeko. Egia da zortea izan dudala, baita zortea irabazi eta landu egiten dela ere, baina momentuz, ondo joan zaizkit gauzak.

Ilustrazioa da zure sormen arlo nagusia gaur egun. Umetatik al datorkizu adierazpide hori jorratzeko gogoa ala geroago sortu zitzaizun zerbait da?

Asko-asko zor diet gurasoei. Txikitatik irakatsi didate, lehenik eta behin, lan asko egin behar dela gauzak lortzeko; eta, bestetik, beti sustatu dute nik sormena lantzeko aukera. Musikan ibili izan naiz txiki-txikitatik, piano ikasketak egin nituen... Marraztu ere, asko marrazten nuen, baina nire buruan ez zegoen profesionalki horretan inoiz aritzeko ideia. Batxilergo garaiko oroitzapen oso txarra gordetzen dut. Bukatu eta gero krisi handi bat izan nuen, eta gurasoek eman zidaten Arte Ederrak ikasteko bultzada. Txikitatik beti esaten zidaten badaezpada ere denetik egiteko, baina nik ez nuen ikusten 'badaezpada ere' hori... Arte Ederrak ikasita, beldur pixka bat ere ematen du etorkizunak. Gurasoak izan ziren galdetu zidatenak: "Malen, zuri benetan zer gustatzen zaizu?". Nire erantzuna "marraztea" izan zen. Gurasoengatik izan ez balitz, momentu hartan asko kostatuko zitzaidakeen aukera hori egitea. Gurasoei zor diet bai oinarria jarri izana eta bai erabakia hartzen lagundu izana.

Zein izan zen jendaurrean aurkeztu edo eman zenuen lehen lana?

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko komunikazio taldean ibili nintzenean, kartelak-eta egiteko ardura hartu nuen; orduan hasi nintzen kanpora begira lanean. Hasieran, gaztetxearen izenean egindako lanak ziren. Gero, gaztetxean bertan egiten den musika ziklo baterako kartelak egiten hasi nintzen, eta horiek jada neure izenarekin sinatzen nituen. Horien ondoren etorri ziren Txakur Gorriaren hasieretako lanak.

Nola definituko zenuke zure estiloa? Nolakoak dira zure ilustrazioak, zerbaitek batzen baditu?

Jendeak esaten du identifikagarriak direla nire lanak, eta iruditzen zait hala direla, hasierakoetatik garapen bat ikusten badut ere. Asko gustatzen zait testurekin lan egitea, pastel koloreekin eta, baina batzuetan lan ilunagoak ere egiten ditut. Testura pila bat dauzkat, eta horien konbinazioekin egiten dut lan; collage baten antzera, baina hori baino gehiago da teknika askoren nahasketa. Gaur egun digitalean egiten ditut lan gehienak, ia denak.

Kartelak, liburuetarako ilustrazioak... Zerk betetzen zaitu gehiago? Ba al dago erosoago sentitzen zaren sormen arlo bat?

Karteletan zein ipuinetan, beti saiatzen naiz beste buelta bat ematen. Testu bat ilustratu behar badut, testu hori askotan irakurtzen dut, irakurraldi pila bat egiten ditut, neure interpretazioa sortzeko. Hori da gustatzen zaidana; ilustrazioa egitea baino, pentsatze ariketa hori egitea. Orain, hilabetero talde desberdin bati egiten diot kartelen bat, eta batzuetan ez da erraza izaten ideiak etortzea; orduan, askotan beraien kantak hartu eta neure interpretazioa egiten ahalegintzen naiz. Besteek sortutakoa neurera ekartzea eta ematea gustatzen zait. Ideia hori gehienbat album ilustratuetan lantzen dut. Ilustratzeko testu bat jasotzen dugunean, testu hori bere horretan eta literalki marraztuko bagenu, indarra kenduko genioke testuari berari. Gure lana da interpretazio bat sortzea, batera doazen bi kontakizun paralelo bilakatzea. Txikitan ipuin asko irakurtzen nituen eta amak asko leitzen zizkidan, eta niri asko gustatzen zait ipuinak asmatzea, ilustratutako ipuinak, testu gabeak. Horregatik, niretzat luxu bat da ez dakit noren testu bat hartzea eta ilustrazioekin neure ipuina sortzea; testuarekin lotuta dago, baina nirea da berez. Eta karteletan ere saiatzen naiz zeozer kontatzen, ez irudi soil bat egiten. Iruditzen zait hori dela egiten dudana.

(Alex Berasategi)

Txakur Gorria taldeko kide zara. Nortzuk zarete eta zer da Txakur Gorria?

Objektiboki, lau neskak sortu genuen talde bat da Txakur Gorria. Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal arduratzen dira testuez, eta Mariñe Arbeo eta ni gara ilustratzaileak. Unibertsitateko ikasketak bukatzen ari ginen garaian konturatu ginen zer egin nahi genuen: gure lan propioak sortzea. Jabetu ginen lan propio horiek argitaratzeko bi bide zeudela: argitaletxeetara jotzea edo lehiaketak irabaztea. Eta oso-oso aukera gutxi dago, bereziki, ilustrazioaren munduan sartzeko. Horregatik erabaki genuen geure lanak argitaratzen hastea. Pixkanaka, proiektua handitzen joan zen, sona gehiago hartzen, eta iritsi zen momentu bat kanpoko eskariak jasotzen hasi ginena, eta horiek fakturatu egin behar izaten genituen. Egiturarik ez geneukanez, kooperatiba bat sortu genuen duela hiru bat urte. Ordutik, kooperatiba horretan lan egiten dugu laurok. Geure soldatak ateratzen ditugu, diru kontuak eramaten ditugu... Pixka bat zaila da, baina hor gabiltza.

Pertsonalki, berriz, Txakur Gorria prozesu izugarri ederra da niretzat; oso gogorra eta asko nekatzen duena, ume bat bezalakoa delako, gurea delako, baina etengabeko ikasketa prozesu bat da, pila-pila bat ikasi dut. Hain barruan zaudenean ez da erraza izaten baloratzea, baina saiatzen naiz neure buruarekiko distantzia pixka bat hartzen, Txakur Gorria zer den begiratzen, eta kristorena iruditzen zait. Niretzat egundokoa da, egunero marrazten aritzeko, eta, gainera, hori modu profesionalean egiteko aukera ematen didalako. Eta, momentuz, ondo doa.

Txakur Gorriara itzulita, zer ibilibide osatu du orain artean taldeak?

Autoedizioko lanekin hasi genuen ibilbidea, eta Durangoko Azokara begira autoeditatzen genuen gehienbat. Durangon postu erdi bat jartzen hasi ginen, oso zaila baita han erakusmahai bat edukitzea. Orduan hasi ginen leku pixka bat egiten. Oso gauza arraroak egin ditugula esango nuke; atzera begira jarritakoan, harritu egiten naiz batzuetan. Bilboko Kafe Antzokirako ikuskizun bat eskatu ziguten, handik beste liburu bat etorri zen... Asko gertatu zaigun gauza bat da hori: gauza bat egin, eta horrek beste bat ekarri digu, eta beste bat atzetik gero, kate bat osatuz bezala. Guretzat lehenengo lan potoloa, sona handia eman ziguna, 2018ko Durango Azokaren kartela egitea izan zen. Horren ondoren lan asko etorri zitzaizkigun. Askotariko lanak egiten ditugu: gidoigintza, ilustrazioak, kartelgintza, logoak, aldizkari batzuetan idazten dugu, Berrian ere bi astetik behin kolaboratzen ari gara... Lan puntualak dira batzuk, eta jarraikortasuna dutenak besteak.

Sormen propioko lanak eta enkarguz egindakoak tartekatzen dituzue. Nola daramazue oreka hori?

Horri buruz hitz egiten ari gara gure artean, ea nolako Txakur Gorria irudikatzen dugun hemendik aurrera. Saiatzen gara urtean behin behintzat geuk taldean sortutako lanerako denbora hartzen; urte guztiak ez dira berdinak izaten, baina garrantzitsua iruditzen zait hori. Gustatuko litzaidake, nola ez, lan propioetarako denbora gehiago edukitzea; hori da dibertigarriena, guk nahi dugun hori egitea, hasi eta bukatu, prozesu osoa. Baina, noski, enkarguz edo besterentzat egiten ditugun lanak ere behar ditugu. Etengabeko oreka bilatze bat da.

Taldeko lana eta lan indibidualak nola bereizten edo uztartzen dituzue?

Hori da guretzat beste erronka handi bat. Oso zaila da kolektiboki lan egitea, kontu asko sartzen direlako tartean: bakoitzaren ardurak, inplikazioa, bakoitzaren egoa, inbidiak... dena. "Hau nik egin behar dut ala Txakur Gorriara bideratu behar dut?", zalantza hori askotan sentitu izan dut. Zaila da muga hori non dagoen jakitea, denok nahi dugulako bakoitzaren bidea errespetatzea, baina kolektiboa ere indartu egin behar da. Zaila da, baina era berean, oso ohituta gaude denataz hitz egitera, batzuetan gehiegi ere bai. Alde horretatik, asko ikasi dut, dagoena dagoela hitz egiten, momentuan sentitzen dudana adierazten, beldurrak plazaratzen. Horrela saiatzen gara ahalik eta uztarketa onena egiten eta ahalik eta orekatuen ibiltzen. Iruditzen zait nahiko ondo daramagula, baina batzuetan horrek pisatu egiten dit barruan, apustu bat egiten duzulako eta publikoki defendatzen duzulako kolektiboa, baina aldi berean, neure webgune pertsonala egin dudalako, adibidez. Egundoko ariketa da oreka hori mantentzea.

Bitan irabazi duzu Peru Abarka ilustrazio lehiaketa: 2018an, zure lankide Ane Labakaren testu bat ilustratzeko Ezpainetakoa libururako, eta 2020an, Kaiolarekin, Yolanda Larreategiren Bi txantxangorri haritz adarrean libururako. Zer ematen dizute halako sariek?

Poza. Peru Abarka lehiaketa polita da. Testu berri bat ekartzen dizute, argitaratu gabea, saria irabazi duena. Ilustrazio lehiaketarako, testu horren lagin bat egin eta aurkeztu behar izaten da, eta horrekin saria irabazten baduzu, proiektu osoa bukatu behar izaten duzu. Ipuinak asmatzea hainbeste gustatzen zaidanez, kristoren aukera da niretzat. Gainera, Euskal Herrian bi ilustrazio lehiaketa besterik ez daude, Peru Abarka eta Etxepare, eta azken horretara osatutako eta bukatutako produktuarekin aurkeztu behar duzu.

(Alex Berasategi)

Azken saria, iazkoa, pandemia betean irabazi zenuen. Nola bizi izan duzu COVID-19aren eragina zure jardunean?

Lehen aipatu dudan moduan, Txakur Gorrian dena erori zitzaigun eta krisi momentu bat izan zen. Niretzat gogorra izan zen hasierakoa: gogoan dut egun batean, Bertsozale Elkartearen bulegoan lanean ari nintzela, saio denak nola erori ziren. Eromen bat izan zen egun hura. Eta nik ezin nuen sinetsi, ondo akordatzen naiz: "Baina nola?". Baina bai, saio guztiak bertan behera gelditu ziren, eta begira noiz arte, orain arte. Ni oso zortedun sentitzen naiz, guk berriro hartu dugulako martxa eta neuri zuzenean ez didalako horrenbeste eragin krisiak. Baina ingurura begiratu eta jendea nola dagoen ikusten duzu; hasi teknikoetatik eta sortzaileetaraino, ikusten duzu zer den hau, eta kristoren beldurra ematen du. Urtea gogorra egin zait orokorrean, eta, gainera, zer egoera ekarri duen ikusita, kulturak nolako kolpea hartu duen ikusita, are gogorragoa. Eta bai, orain berriro hasi da aktibatzen, baina lehengora ailegatzeko... Gauza asko daude jokoan. Asko hitz egin da osasunari buruz urte honetan, eta nik uste dut buruko osasunean ere arreta jarri beharko genukeela.

Lanari dagokionez, martxa berreskuratu duzuela diozu. Zer momentutan zaudete Txakur Gorrian?

Gure kasuan, pandemiaren hasierarekin proiektu denak atzeratu egin ziren. Eskertuta gaude, proiektuen antolatzaileak-eta gurekin ondo portatu direlako, kontziente izanda zer egoeratan geunden. Era berean, pixka bat lasaiago egoteko aukera ere eman digu egoera horrek. Hala ere, nik aurtengoaz dudan sentsazioa da lan pila bat edukitzetik bat-batean ezer ez edukitzera pasatu garela, eta atzera berriz lan asko pilatzera. Ez da zerbait graduala izaten ari; dena da oraintxe gora, oraintxe behera. Egoera horretan, proiektuaren etorkizuna irudikatzea bera zaila egiten da, ezinezkoa da urtebete barru nola egongo garen aurreikustea. Uste dut denoi gertatu zaigula antzeko zerbait. Ematen zuen mundua kontrolatzen genuela, baina konturatzen zara ez dela horrela, hau kaka bat dela eta nahi dutena egiten ari direla gurekin.

Bertsotan jarraitzen al duzu?

Bertsoekin adiskidetzen ari naiz nolabait, ez dakit nola esan.

Haserretuta egon al zara ba?

Ez dakit haserretuta egon al naizen. Nire egunerokotasunean oso presente dago bertsoa ezinbestean, Bertsozale Elkartean ere aritzen naizelako. Egia da, hala ere, beti kostatu izan zaidala asko jendaurrean neure burua bertsolari bezala aurkeztea. Badakit ilustratzailea naizela, irudigilea, baina bertsolaria... Bai, banaiz, baina aspaldian ez dut egin bertsotan. Eta orain pixka bat izututa ere banago, Bizkaiko Txapelketa datorrelako; azaroan daukat saioa eta hasi beharko dut berriz. Neure burua oholtza gainean kokatu nahian ari naiz. Oso agerian gelditzen zara hor gainean. Adibidez, duela bi urteko Bizkaiko Txapelketan oso ondo pasatu nuen eta nahiko nuke berriro horrela sentitzea. Baina, gero... Gustatuko litzaidake saio batzuk edukitzea, oso ondo pasatzen dut neskok egiten ditugun Ez da kasualitatea saio musikatuetan ere, baina ez dakit, birkokatzen bezala sumatzen dut neure burua. Ez nengoen haserre bertsoekin, baina adiskidetu egin behar dut nire baitako bertsolariarekin. Sinetsi nahi dut bertsolari izateko mila modu daudela eta ni ere banaizela. Dibertitzeko kantatu nahi dut, ez ofizio gisara. Lortuko dut, adiskidetuko naiz.

Beti bezperako koplak (2016) animazio filmean ere parte hartu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Kristoren esperientzia izan zen. Mariñe [Arbeo] eta ni Gradu Amaierako Lana egiten ari ginen, animazioko beste film bat, hain zuzen ere. Bego Vicario zen gure tutorea. Maialen Lujanbiok testu zoragarri bat irakurri zuen behin irratian, eta testu harekin zerbait egin behar genuela sartu zitzaion buruan Begori; hortik abiatu zen Beti bezperako koplak. Eta imajinatu proiektua noraino zabaldu zen; Mariñe eta biok Kosovora joan ginen aurkeztera. Leku pila batera joan ginen eta sari pila bat irabazi zituen filmak. Egundokoa izan zen, eta oso oroitzapen ona daukat. Lantalde hartakoek lanean jarraitu dute gerora, eta film berriak egin dituzte. Whatsappeko talde bat daukagu eta hor nago ni ere, baina ez dut proiektu gehiagotan parte hartu. Batzuetan esaten dut "hurrengoan ni ere bai", baina.., Izan ere, oso ondo pasatzen dut, asko gustatzen zait taldean lan egitea eta taldean sortzea, eta hura ederra izan zen.

Zeure eta Txakur Gorriaren zer proiektu dituzu esku artean momentu honetan?

Oraindik liburu bihurtu ez diren bi idazleren testu proposamenak dauzkat ilustratzeko. Azken hilabeteetan nahiko lanpetuta ibili naiz, eta pixka bat antolatu eta egin beharrekoak diren eta hor zain dauzkadan lanei buelta nola eman ikusi behar dut. Txakur Gorrian ere liburu batzuekin ari gara lanean; poema liburu batekin ari naiz ni, adibidez. Taldeari forma ematen ere ari gara, etorkizunari begira nola jarraitu zehazteko. Neure webgunea martxan jartzea ere egitekoen artean daukat; Guka Zerbitzuakek diseinatu dit. Urtarrilean egin zidaten, baina oso lanpetatuta ibili naizenez, oraindik ez daukat bukatuta; laster bukatzea eta martxan jartzea espero dut. Bestetik, Dinagu emakume sortzaileen kolektiboan ere bagaude Txakur Gorriakoak. Azoka ibiltari bat antolatu du Dinaguk, neure lan propioak ateratzera noa azokarako, eta horretarako ere badaukat gogoa. Jendearekin egoteko beharra daukat. Beraz, azoka bat, eta neure lanak... Horixe da orain behar dudana.

Malen Amenabarren ilustrazio bat. (Alex Berasategi)