Murchanteko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiekek gaur arratsalderako

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 8a, 11:40
Hilketa jazo zen lekuko irudia. (Foruzaingoa)

Gizon batek 43 urteko emakume bat hil zuen atzo labandakaz Murchanten (Nafarroa). Hilketa salatzeko hitzordua 19:00etarako jarri dute, plazan, Emakumeak libre eta bizirik! Indarkeria matxistarekin amaitu! lelopean. Azpeitiko Udalak bat egin du deialdiarekin.

Atzo, asteazkena, gizon batek 43 urteko emakume bat hil zuen labandakaz Murchanten (Nafarroa), eta hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiek talde feministak gaur arratsalderako. Hilketa salatzeko hitzordua 19:00etarako jarri dute, plazan, Emakumeak libre eta bizirik! Indarkeria matxistarekin amaitu! lelopean. Azpeitiko Udalak bat egin du deialdiarekin, eta "gogor" salatu du hilketa. Gainera, hildakoaren senideei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die erakundeak.

NA-6840 errepidean izan zen hilketa. Gizon batek autoarekin jo zuen emakumearen ibilgailua, eta errepidetik aterarazita, gizona labana batekin joan zen emakumearen autora; han bertan hil zuen, bere 9 eta 5 urteko seme-alaben aurrean. Emakumea Gasteizkoa zen, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Hiltzaileak ihes egin zuen, eta atzotik haren bila ari dira Foruzaingoa eta Ertzaintza. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, susmagarri nagusia Zumarragako 41 urteko gizon bat da.

Murchanten jazotakoa ez du hilketa matxista gisa ikertuko poliziak; izan ere, "familia barruko delitu" gisa sailkatu dute –Espainiako Genero Indarkeriaren Aurkako Legeak dioenez, emakumeen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko da erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean–, hiltzailea emakumearen koinatu ohia zelako.