Jesukristo berpiztu da!!!

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2021ko uzt. 6a, 18:28
Cavendish, gaurko garaipena lortu berritan. (@deceuninck_qst)

33. garaipena lortu du Mark Cavendishek, Jesukristoren adin bera! Deceuninckek talde lan bikaina egin dio berriro, eta Morkovek oparitu egin dio ia-ia garaipena, ehun metrora abantaila handiarekin utzita buruan.

Eddy Merckxek ez du sufrituko. Mark Cavendish cannibal-aren Tourreko etapa garaipen kopurua berdintzear dago, 34, baina ez omen dio inporta ingelesak bere marka hobetzea. Ez omen du maillot horiarekin 95 egun egingo, ezta bost Tour irabazi ere, eta lorpen horiekin harroago dagoela, etapa garaipen kopuruarekin baino. Baina sekulakoa egiten ari da Man uhartekoa. Sekulakoa. Hilabete batzuk atzera erretiroaren atarian ikusi genuen negar malkotan, ez zeukala talderik eta ez zuela errepidean jarraitzeko aukerarik ikusten. Patrick Lefevrek eman zion, lau sosen truke. Bueltatu dio, biderkatuta, diru apur hori. Cavendishentzat, baina, dirua ez da garrantzitsua dagoeneko, grina, gaitasuna, onenen pare jardutea baizik. Eta hor da. Hiru etapa jada Tourrean, 33 denera Frantziako Tourrean, eta 154 bere kirol ibilbidean. Harrapazak/n.

Cav bikain, eta Deceuninck-Quick Step ere bikain. Perfekto. Denak baten mesedean. Izan haize-babesak sortzeko orduan, urdin maillot dunak denak buruan egurrean. Eta azken hiru kilometroetan, eskoletan erakutsi beharreko esprint prestaketa bat. Orain Alaphilippe, gero Declercq, hurrena Asgreen, azken 500 metroetan Morkov, eta errematea helmugatik 100 metrora. Batzuetan Morkoven eskuinetik, bestetan ezkerretik. Gaur ezkerretik, haizeak eskuinetik jotzen zuelako. Ezer ez da kasualitatea. Van Aert ezkerretik zetorren ziztu bizian, baina jabetu denerako Cavendishek bizikleta erdiko abantaila zeukan, eta akabo. Ikusgarri otsoen taldea, wolfpack famatua.

Haize-babesak izan dira eguneko gauza nobedoso bakarra. Bi laguneko ihesaldi antzua, eta zehar haizea azken 40 kilometroetan. A ze txistua buruan, ze borroka kokapen ona lortzeko, aurrekoaren gurpila ez galtzeko. Eta halere tropel erdia lo, edo ezinean. Faborito gehienak aurrean. Pogacar liderrak berak korteren bat edo beste pertsonalki itxi behar izan badu ere, atzean ez geratzeko. Bihar mendia bueltan berriro, ia 200 kilometro Sorgues eta Malaucene artean, eta igoera bikoitza Mont Ventoux ezagunera, Provenzako Erraldoira. Bigarrena oso gogorra, 15 kilometro luze eta %9ko batez besteko pendiza ia. Ihesaldian sartzeko muturrekoak egongo dira hasieran, eta Ventouxen litekeena da oilarrak gandorra tentetzea. Lastima ez duela bero handirik egingo, ziklista askok beroarekin sufritu egiten dutelako.