Koronabirusa Azpeitian

Ia hilabeteren ostean, Osasun Sailak ez du positibo berririk hauteman Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 6a, 13:32

Azkenengoz ekainaren 10ean izan zen Azpeitian positiborik zenbatu ez zuten eguna; 26 egun pasatu dira ordutik. Urola Kostan hamasei kasu izan dira guztira, horietatik gehienak, Zarautzen. Bestalde, positibotasun tasak behera egin egin du Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan hamasei emaitza positibo izan ziren Urola Kostan. Ia kasu guztiak Zarautzen zenbatu zituzten, hamahiru. Zumaian bi kasu berri baieztatu zituzten, eta bat Orion.

Azpeitian, ia hilabeteren ostean, ez zuten atzo positibo berririk hauteman. Azkenengoz ekainaren 10ean izan zen Osasun Sailak positiborik zenbatu ez zuen eguna, eta ordutik, 26 egun igaro dira. Hala, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak ere behera egin du, 262,81etik 249,67ra. Dena den, eremu horian jarraitzen du oraindik Azpeitiak.

Bestalde, Zarautzen zazpi kasu positibo baieztatu zituzten ostiraletik igandera bitartean, eta azken orduetako datuekin, 167,05etik 218,44ra igo da kasu metatuen tasa. Orion ere gora egin du intzidentzia tasak, 81,54tik 97,85era, hain zuzen. Zumaian bezperan baino kasu bat gutxiago detektatu zuten atzo, eta gutxi izan bada ere, zertxobait behera egin du intzidentzia tasak: 620,74an zegoen atzo, eta 610,56an dago une honetan. Atzo bezala, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak (eskualdean intzidentzia tasarik altuena duen udalerria da), eta eremu horian Zarautzek eta Oriok.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan, eta atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa: 33,38an Azkoitian (eremu berdea da), 128,4an Zestoan eta hutsean Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian.

Positibotasun tasak, behera

Horrez gain, Hego Euskal Herrian 12.412 test egin zituzten atzo, eta horietatik 911 izan dira emaitza positiboak; 425 Nafarroan, 220 Gipuzkoan, 194 Bizkaian, 57 Araban eta hamabost lau lurralde horietatik kanpo. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du herenegungo ehunekoekin alderatuta: atzo egindako probetan positibotasuna %17,9koa izan zenNafarroan (%27,5ekoa izan zen igandeko testetan), eta %4,8koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,9koa izan zen igandeko probetan).

Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan gora egin du, bestalde, koronabirusak jota ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak: 50 ziren atzo, eta 58 dira gaur egun. 22 ospitaleratze izan ziren atzokoan, bezperan baino gehiago (bederatzi izan ziren igandean). ZIUetan, dena den, igandean baino pertsona gutxiago zeuden atzo: 30 (36 ziren igandean).