Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

"Helburua zerbitzua ematea da herriari, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu"

Uztarria.eus 2021ko uzt. 6a, 10:50

Arroa Behean (Zestoa) aspaldiko urteetan zegoen hutsunea betetzera etorri da Txara saltokia. Falta zen zerbitzu bat emateaz gain, herriari bizia eman nahi diote Maia eta Aitor Ossak, Pili Perurenak eta Ainhoa Aranberrik.

Bertakoa, ekologikoa, irekia eta jasangarria. Lau oinarri horiek ditu Arroa Beheko (Zestoa) Txara saltokiak. Orain bi hilabete zabaldu zuten, baina bide luzea egitea espero dute aurretik.

Nola izan zen Txara sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Pili Perurena: Orain dela urte batzuk egon zen denda bat irekita Arroa Behean, baina azken urteetan Zumaiara edo Zestoara joan behar ginen erosketak egitera; autoa derrigorrezkoa genuen, beraz. Herritarrek beharra genuen. Maia Finlandiatik itzuli zenean, orain dela urte eta erdi, ideia komentatu nion, baina airean geratu zen. Handik gutxira ea dendaren ideiarekin serio ari al nintzen galdetu zidan, eta baietz esan nion. Jarrain, bere anaia Aitor etorri zen, eta kooperatibaren ideia atera zen. Inguruan dauden denda txikiak, kooperatibak eta kontsumo arduratsukoak bisitatzen hasi ginen: Errezil, Bergara, Azpeitia... Forma hartzen joan zen, eta orduan, auzotarrekin bilera egitea pentsatu genuen, proiektuko partaide izan behar zutela uste genuelako. Bilera hartatik beste sortzaile bat atera zen: Ainhoa. Inkesta bat banatu genuen auzoan, herritarren nahiak eta beharrak ezagutzeko. Erantzun oso ona izan genuen; 50 erantzun baino gehiago. Informazio guztia jasota, Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo genuen, prozesuan zehar laguntza jasotzeko eta bideratzeko.

Zuen kasuan, gainera, kooperatiba izatea erabaki duzue. Zergatik?

Maia Ossa: Denok argi genuen ez zuela negozio bat izan behar; aldiz, bai auzorako zerbitzua. Nahi dugu ahalik eta herritar gehien proiektuaren parte sentitzea, eta horretarako, kooperatiba da onena, proiektuan parte hartzeko edo sartzeko formularik errazena delako. Negozioa sortzen hasita, parekidea eta hierarkiarik gabekoa nahi genuen, eta gure filosofiarekin bat egiten du kooperatibak. Nahi duen oro sar daiteke proiektura.

Pili: Lau gara sortzaileak, eta bi administrari edo langileak, baina denda irekia izatea nahi dugu. Saltokiaren xedea ez da gure patrikak betetzea, auzoan zegoen zerbitzu falta horri konponbidea ematea baizik. Proiektuak jasangarria izan behar du, ordea.

         

Enpresa plana garatu zenuten edota formakuntzaren batean parte hartu zenuten?

Maia: Formaziorik ez genuen egin, enpresa plana garatu genuen, baina gehiago izan zen Iraurgi Berritzenetik esandako pausoak jarraitzea; orain hau egin behar duzue, gero hori... eta guk pauso horiek jarraitu genituen. Etxeko lanak ematen zizkiguten helburu batzuk zehaztuz, erritmoa markatuz, eta egia esan, oso erraz jarri digute dena. Ez baligute lagundu, denda oraindik zabaldu gabe egongo litzateke ziurrenik.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezue?

Pili: Egiari zor, oso felixianoak izan gara. Une bat iritsi zen, ordea, esan zigutela Iraurgi Berritzenen: “Hodeitik jaitsi zaitezte mesedez”, helburuak ez genituela beteko uste zuten. Momentu horretan esprintatu behar izan genuen.

Maia: Arazotxo batzuk izan genituen, lokala bilatzeko orduan adibidez, baina orokorrean ez dugu izan oztopo handirik.

"Polita izango litzateke herritarren kontsumo ereduak aldatzea, zerbitzu eraldatzailea izatea. Baina jakin badakit oso zaila dela eta oso poliki egin behar dela"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Maia: Txara zabaldu aurretik, soldatapeko lanean nenbilen, baina batere motibaziorik gabe. Egin behar zena egiten nuen, eta kitto. Orain, ordea, oso desberdina da. Hasieratik da gure proiektua, guk nahi edo ahal izan dugun bezala sortu dugu, eta horrek gehiago motibatzen zaitu. Proiektuari eta gure lanari buruzko erabakiak guk hartzen ditugu. Ordu gehiago ere sartu behar dituzu, hori bai.

Pili: Era berean, ez dugu helburu bat, hau da, lan hau ez duzu egun zehatz baterako amaitu behar... zenbakiak beti dituzu hor, eta diru kopuru bat beharrezkoa duzu, batik bat, proiektua bideragarria eta jasangarria izateko. Minimoa eginez gero, gainerako dena ongietorria da, beraz, presiorik ez dugu. Gainera, herritarrekin batera egiten ari garen zerbait da, irekia da, eta saiatzen ikusten gaituzte, kontziente dira ditugun baliabideak urriak direla, ulertzen dute. Denok ari gara ikasten, beraiek kontsumitzaile bezala eta gu, negozioa eramaten. Horrek ere presioa kentzen dizu.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Pili: Proiektuan sinestea. Sinesten baduzu, naturalki irteten da, konbentzituta zauden zerbaitekin ari zarelako. Gure kasuan, herriak behar zuen zerbitzua, gero herritarren babesa eta beharra ere nabaritu genuen... inoiz ez dut zalantzan jarri lortuko genuenik.

Maia: Zu irekia izatea ere funtsezkoa da. Pertsonek, herritarrek zer behar duten, eta proiektua alda daitekeela ikusten eta onartzen baduzu, errazagoa da.

Pili: Edozein arazo duzularik, jendearengana hurbildu behar duzu, eta orokorrean, arazoa berea hartzen du eta laguntzeko dena du.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Pili: Polita izango litzateke herritarren kontsumo ereduak aldatzea, zerbitzu eraldatzailea izatea. Baina jakin badakit oso zaila dela eta oso poliki egin behar dela. Kontuan hartu behar da gure denda oso txikia dela, ahalik eta autonomoenak izateko marka zuriren bat sartu behar duzula, baina hala ere, ontziratu gabeko produktuak sartu ditugu, plastikozko poltsarik ez dugu ematen, ahalik eta gertukoenak diren produktuak saltzen ditugu... pauso txiki batzuk eman ditugu, baina erronka hor dugu.

Maia: Helburua zerbitzua ematea da herriari, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Orain, adibidez, batzuk etorri eta fruta bakarrik erosten dute, kanpoan egiten dituzten erosketen osagarria izanik. Ondo legoke erosketa gehiago egitea hemen, dendaren eta zerbitzuaren iraupenagatik, batik bat.

Zer aholku emango zeniekete enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Pili: Ikasten ari gara oraindik, ez dakit egokiena naizen aholkuak emateko, baina zerbait esan beharko banu; proiektuan sinestea. Oinarria da. Edozer gauzatan bezala, proiektuan sinesten baduzu, zerbait transmitituko duzu.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.