Amaia Etxeberria: "Orain arte bezala, oposizio eraginkorra egiten jarraituko dugu"

Aitziber Arzallus 2021ko uzt. 6a, 11:00
Amaia Etxeberria.

Agintaldiaren erdia igarota, Nagore Alkorta alkatearekin ez ezik, Amaia Etxeberria (Azpeitia, 1970) oposizioburuarekin ere hitz egin du Uztarriak. Galderak motz eta zehatz erantzun ditu EAJren udal taldearen arduradunak. Orain artekoaz balorazio "gazi-gozoa" egin duen arren, lanerako gogoz jarraitzen dutela ziurtatu du.      

Agintaldi erdia igaro da dagoeneko. Nolakoak izan dira bi urte hauek?

Baikortasunez eta ilusioz lanean jardun dugun bi urte izan dira, herriko egunerokotasunean murgilduta eta pandemiari pultsoa hartuz.

Zer iritzi duzue Udal Gobernuak pandemiari lotuta egin duen kudeaketaren inguruan?

Ziurgabetasun egoera kontuan izanik, erabakiak hartu ditu, eta arauak onartu ditu, baina ez ditu betearazi osotasunean eta jarraikortasunez.

Agintean bazeundete bide beretik joko zenuketen edo beste lehentasun batzuk izango zenituzketen? Zeintzuk?

Lehentasun berberak izango genituzkeen, baina beste era batera kudeatuta. Pandemiak eragindako larrialdi egoerak herria eta herritarren kezkak kudeatu beharra ekarri du, eta gure ustez, egoera berezi honek talde lan berezi bat eskatzen du, beste herri batzutan egin duten moduan.

Eta gainontzeko gaietan, bat al zatozte Udal Gobernuaren irizpideekin eta lehentasunekin? Hutsunerik edo gabeziarik ikusten al diozue? Zeintzuk?

Beti ez gatoz bat, eta hutsuneak ikusten dizkiogu hainbat arlotan, batez ere, industriari, turismoari eta herri antolaketari loturiko gaietan.

Oposizion zaudete, erabakitzeko ahalmenik gabe. Erabakiak hartzeko garaian zuen iritzia kontuan hartzen dela iruditzen al zaizue? Zein neurritan?

Gai arinetan bai; ez, ordea, pisu gehiago dutenetan. Eskatu digutenean beti izan gara hor, baina eskaera hori ez zaigu beti luzatu.

Nolako harremana duzue Udal Gobernuarekin?

Gure aldetik harremana errespetuzkoa da.

Corrugados auzian aurrez aurre jarri zarete. Horrek eraginik izan al du edo izango al du zuen arteko harremanean?

Gai baten aurrean talka egiteak sortzen duen eragina izango du, baina prestutasunez azaltzen gara lanean jarraitzeko. Eta hori da eskatu dugun bakarra, lan egiteko prestutasuna. Ezin dugu sinetsi elkarlana eskatzen duen Udal Gobernu batek nola egin dion uko mahai batean eseri eta gaia aztertzeari.

Zer balorazio egiten duzue oposizioko alderdi gisa bi urteotan egin duzuen lanaren inguruan?

Dena kontutan izanda, balorazio gazi-gozoa egiten dugu.

Zer erronka dituzue datozen bi urteetarako?

Talde sendo eta bateratua garela ikusita, orain arte bezala oposizio eranginkorra egiten jarraituko dugu, ados gaudenarekin eskutik joanez, eta ez gaudenarekin gure ikuspuntu eta iritzi eraikitzailea azalduz.