Koronabirusa Azpeitian

Azken astean hamalau positibo zenbatuta, 200eko langaren bueltan egonkortu da intzidentzia tasa

Julene Frantzesena eta Andoni Elduaien 2021ko uzt. 2a, 13:43

Atzo hiru positibo hauteman zituen Osasun Sailak herrian, eta berriz ere 200etik gora egin du Azpeitiko intzidentzia tasak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, hamar puntu egin du gora.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du aste honetako herriz herrikako azken txostena, eta haren arabera, Azpeitian hiru positibo atzeman zituzten atzo egindako probetan. Joan den ostiraletik herrian hamalau positibo zenbatu ditu Osasun Sailak. Hala eta guztiz ere, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasan edo intzidentzia tasan ez da gorabehera handirik izan azken astean. Eremu horian sartuta jarraitzen du Azpeitiak 203,68ko tasarekin. Joan den ostiralean 210,25ekoa zen tasa eta ekainaren 18an 229,96koa.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, bederatzi positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Azpeitiko hiru positiboez gain, Zarautzen lau positibo zenbatu dituzte, eta bana Azkoitian eta Zumaian. Zumaian dute egoerarik kaskarrena. Eremu gorrian sartuta jarraitzen dute han 498,63ko intzidentzia tasarekin; 41 positibo hauteman dituzte azken astean. Zarautzen, berriz, 141,35ko intzidentzia tasa dute, eta han ere eremu horian daude, azken astean 28 positibo atzemanda. Azkoitia, aldiz, eremu berdean egonkortu da aste guztian kasu positibo bat atzemanda; 41,73ko intzidentzia tasa dute han.

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu aste guztian, Orion eta Zestoan izan ezik; Orion kasu bat zenbatu dute Orion, eta 32,62ko intzidentzia tasa dute. Zestoan, ostera, bi kasu detektatu dituzte azken zazpi egunetan, eta 51,36ko tasa dute. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian zeroan dute intzidentzia tasa. 

Positiboak goraka Hegoaldean

Eskualdeko datuak apalak badira ere, Hego Euskal Herriko positibo kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, atzo 519 kasu zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Egunez egun ari da gora egiten zenbatekoa: 366 positibo detektatu zituzten asteartean, eta 458 asteazkenean. Igoera horri lotuta, aipatzekoak dira Gipuzkoako zenbait herritan (Hernanin kasu) eta Nafarroan izan den positibo kopuruak.

Atzo 6.628 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietan 406k eman zuten positibo: 45ek Araban, 178k Bizkaian, 170ek Gipuzkoan, eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste hamahiru lagunek ere bai. Beraz, %6,1 da positibotasun tasa. Gaur egun hiru lurralde horietako 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 132,65 da. Nafarroan, berriz, 1.550 proba gauzatu eta 113 positibo atzeman zituzten atzokoan; proba egin zuten herritarren %7,3k eman zuten positibo.

Positiboen kopuruak gora nabarmen egin badu ere, ospitaleetako egoera ez da aldatu. Izan ere, positibo eman duten herritarren ehuneko handi bat 18 eta 40 urte bitartekoa da. Osakidetzak emandako datuen arabera, 63 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19a tarteko, eta horietatik 33 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–. Atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten.