Koronabirusa Azpeitian

Azken begiratua pandemia garaiko bigarren ikasturteari

Aitziber Arzallus 2021ko uzt. 1a, 18:00

Pandemiak eragindako bigarren ikasturtea izan da bukatu berri dena. Kutsatzeak saihesteko neurri zorrotzak hartuta eman behar izan dituzte eskolak herriko ikastetxeetan. Egokitutako sarrera-irteera ordutegiak, seinaleztatutako pasiloak, maskarak, COVID-19 gelak, protokoloak... Dena berria, horrek sortzen duen estresarekin eta nekearekin. Oztopoak oztopo, bukatu da ikasturtea, oporretan dira haur eta gaztetxoak, eta Uztarriak eskatuta, ikasturtearen balorazioa egiteko tartetxoa hartu dute herriko lau ikastetxeetako zuzendariek.

Pandemiak eragindako bigarren ikasturtea ere joan da. Herriko ikastetxeetako ikasgelak hutsik daude dagoeneko, eta irakasleak oporrak hartzeko amorratzen. Alde egin aurretik, ordea, ikasturtearen balorazioa egiteko eskatu die Uztarriak, eta lau ikastetxeetako zuzendariak izan dira ikasturteari begiratua bota eta nola joan den gogora ekarri dutenak. Denek nabarmendu dute espero zutena baino hobeto joan dela, nahiz eta tentsio handiko momentuak ere izan dituzten. Eskerrak eman dizkiete ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatea osatzen duten gainerako kide guztiei.

Honatx banan-banan ikastetxeetako ordezkariek egin duten balorazioa:

Kamino Saiz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaria

"Irailean beldur handiarekin hasi ginen; ikasle asko ditugu, eta neurri zorrotzak hartu arren, ez genekien nola igaroko genuen ikasturtea. Orain esan dezakegu, uste baino hobeto joan dela.  

COVID-19ari aurre egiteko neurri asko hartu behar izan ditugu ikastetxean; garrantzitsuenak, honakoak: burbuilak mantentzea, ordutegiak moldatzea eta ikasleak beren artean ahalik eta gutxien nahastea. Irakasleok bagenuen kezka, umeei egokitzea kosta egingo zitzaiela uste genuelako, baina gure harridurarako, hasieratik bikain moldatu ziren, eta guztiok ere berehala hartu genien tamaina neurriei. Ikastetxe barruan elkarren arteko harremanak mugatzeko hartu ditugun neurrietara ere ohitu egin dira; ikastolatik ateratzean izaten dute elkarrekin jolasteko aukera, gurasoen aginduetara.

Azkar pasa den arren, tentsio eta estres handiko ikasturtea izan da. Unean unekora jardun behar izan dugu, beti tentsio puntu batekin, ez genekielako zer etor zitekeen: zenbat ikasle izango genituen, konfinatu beharrik izango genuen; gelaren bat edota azpitalderen bat konfinatuko zuten… Asteburuetan lan egitea ere tokatu zaigu, ikasleren batek asteburuan positibo emanez gero egoerari bat-bateko erantzuna eman beharra izan dugulako. Beraz, asteburuko egun askok astegunen antza izan dute.

Ikastolan izan ditugun kutsatzeak herrian izan ditugunen islada izan dira, baina garbi geratu da ikastola barruan ez dela izan kutsatzerik. Konfinatuta izan ditugun ikasle solteak, azpitaldeak eta taldeak ikastolatik kanpo gertatutako kutsatzeen ondorio izan dira.

Eskura izan ditugun baliabideei dagokionean, aipatzekoa da Hezkuntza Sailak ikasturtea hasi eta gero bideratu zizkigula aparteko giza baliabideak. Hauek ikasturtearen hasieratik eskura izan bagenitu, gure antolaketa beste era batekoa izango zatekeen. Halare, ondo aprobetxatu ditugu.

Igaro berri den ikasturtean, egunero informazio berria jasotzen joan gara. Datorren ikasturtera begira, berriz, dagoeneko bidali digute jarduteko protokoloa; hala ere, irailera bitartean aldaketak egon daitezke eta azken unera arte zain egon beharko dugu. Dena dela, aurtengoa baino hobeto antolatutako ikasturtea izango den esperantza daukagu, aurtengo ikasturtean informazio falta handia izan baitugu".

Maite Garcia, Urola Ikastolako zuzendaria

"Ikasturteari ziurgabetasun handiarekin eta zalantza askorekin ekin genion, baina esan beharra dago espero genuena baino askoz hobeto joan dela. Hasiera ez zen erraza izan, dena berria zelako, eta hilabete zailak ere izan ditugu, batez ere, urria, urtarrila eta otsaila, positibo gehien izan ditugunak. Ikasturte bukaera, berriz, oso lasaia izan da alde horretatik; asteak daramatzagu ikastetxean kasu positiborik gabe. Hala ere, zenbat ikasle ditugun kontuan izanda, ez zait iruditzen COVID-19ak jotako ikasleen kopurua handia izan denik. Ikasturte guztian hiru ikasgela besterik ez ditugu itxi behar izan.

Normala denez, herriko egoeraren isla izan da ikastetxea, eta herrian kutsatuen kopurua igo denean igo da ikastetxekoa ere. Gure kasuan, Azpeitiko egoerak ez ezik, Zestoakoak ere eragina izan du, bi herri horietako ikasleak ditugulako.  

Hasieran denontzat zen egoera berria. Ilaretan ibiltzea, distantziak, maskara erabiltzea, eskuak garbitzea, materiala desinfektatzea… neurri pila bat ziren, eta ohitu egin behar izan genuen. Momentu jakin batean maskaren erabileraren inguruan nahiko zorrotz jarri beharra ere izan genuen, baina, oro har, ikasle zein irakasle nahiko txukun ibili garela uste dut.

Ikasturtea espero baino askoz hobeto joan den arren, estres eta tentsio uneak izan ditugu eta asteburu askotan lan egitea egokitu zaigu. Horrek guztiak sekulako nekea eragin digu, irakasle zein ikasle leher eginda iritsi gara ekainera, eta azken asteetan ikaragarri antzeman dugu hori.

Egoera honi esker konturatu gara emozioak lantzeko nolako premia daukagun. Horrenbeste arau, debektu eta mugarekin bizi beharrak emozionalki eragin egin digu, denoi gainera, baina ez dut uste alderdi horri daukan garrantzia ematen ari zaionik, eta iruditzen zait gehiago lantzen eta zaintzen hasi behar genukeela.

Bestalde, nabarmendu eta eskertu nahiko nuke Osakidetzako langileen lana, batez ere aztarnariena, izan duten pazientziagatik.  

Datorren ikasturtea askoz lasaiagoa aurreikuste dugu. Hezkuntza Sailak dagoeneko jakinarazi digu protokoloak indarrean jarraituko duela, baina aldaketekin; adibidez, DBH1 eta DBH2 mailetan ikasgela barruan taldeka biltzeko aukera izango dugu; gurasoekin aurrez aurreko bilerak egiteko aukera ere bai; irteerak egin ahal izango ditugu; ikasleekin gaua pasatzera joateko aukera izango dugu… Seguruenik ikasturte hasieran nahiko neurri zorrotzekin hasiko gara, baina hilabeteak aurrera joan ahala gauzak asko lasaituko direla uste dut.  

Datorren ikasturtean berriz ere ordutegi zatitua ezartzeko Hezkuntza Sailaren aginduak, berriz, guri ez digu eragingo, Hauspoa proiektuaren barruan gaudelako. Beraz, jardun jarraian segiko dugu".  

Aitor Cordoba, Iraurgi ikastetxeko zuzendaria

"Ikasturte berezi honi kalifikazio bat jarri beharko bagenio,  bikain izango litzateke; bikain,  Iraurgiko hezkuntza komunitate osoarentzat, familia, ikasle, eta langileentzat. Irailean gutako inork ez genuen espero ikasturtea honela amaituko genuenik. Kutsatutakoak, etxeratutakoak, gelak itxita…. ikastetxea, azken batean, herriko egoeraren isla bilakatu da, baina halere, txalotzekoa izan da ikasleen eta familien erantzuna.

Hurrengo ikasturtea aurtengoaren antzekoa izango dela pentsatzen dugu, baina protokolo arinagoekin. Argibideak abuztu amaieran jasoko ditugula esan digute; gure nahia, ordea, pixkanaka, normaltasunerako pausoak ematen hastea izango litzateke.

Amaitu berri dugun ikasturtean, DBHn jardun jarraia ala zatitutako ordutegia egin aukeratu egin ahal izan genuen, eta jarraia egitea erabaki genuen. Irailera begira, berriz ere aukera hori emango zigutela uste genuen. Horregatik, gure ikasle, familia eta langilegoaren artean galdeketa egin genuen, eta familia gehienek ordutegi jarraiaren alde bozkatu zuten, ordutegi horrek beren seme-alabei ikasteko, kirola egiteko eta gainontzeko ekintzetarako denbora gehiago uzten diela argudiatuta. Inkesta hori egin eta handik egun batzuetara, eta gure harridurarako, Hezkuntza Sailetik mezua jaso genuen, datorren ikasturtean zatitutako  jardunaldia egin beharko dugula jakinaraziz. Gure ustez, ikastetxe bakoitzak izan behar luke hori erabakitzeko ahalmena, bakoitzak dakielako zer-nolakoa den bere egoera eta errealitatea: familiak, kokapena…".

Arantxa Bidezabal, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendaria

"Ikastolako komunitate osoari eskerrak eta zorionak emanez hasi nahiko genuke, ikasturte berezi honetan egindako lan guztiagatik eta erakutsitako erantzukizunagatik. Guztion ahaleginari esker, irailaren hasieran aurreikusten genuena baino xamurragoa izan da aurtengo ikasturtea.

Oro har, tentsio handiko ikasturtea izan da, eta Ikastolako kasuan, momenturik txarrenak azaroan eta urtarrilean izan genituen. Familiek zuhurtziaz jokatu izanak asko lagundu du urteari ahalik eta normaltasun itxurarik handiena ematen.

Ikastetxeetarako ezarri diren neurriak oso zorrotzak izan dira. Elkarren arteko harremanak mugatzea izan da gogorrena. Ikasleek elkarrekin libreki harremantzeko duten beharraz aparte, gure ikastolako irakaskuntza prozesua asko oinarritzen baita horretan, elkarrengandik ikasi eta kooperatiboki lan egitean.

Zenbakietan agian hain garbi adierazten ez den aspektu bat ere aipatu nahiko genuke. Ikasketa saioen presentzialtasuna maila handi batean lortu dela diote zenbaki horiek, baina iruditzen zaigu argitara atera beharra dagoela ikasturte osoan zehar ikasleek, txiki nahiz heldu, jasan duten desgastea, hori horrela ez izateko ahalegin guztiak egin ditugun arren.

Egoera honetan, haurrak dira ahaztuenak. Zuhurtziaren izenean, datorren ikasturterako momentu honetan mahai gainean dugun neurri multzoa iazko irailekoaren oso tankerakoa da. Bitartean, pandemia egoerak ez dauka zerikusirik. Egoera berdina ez izateaz gain, gehiago dakigu kutsatze moduei eta arriskuei buruz, eta uste dugu horien araberako aldaketak egin beharko liratekeela protokoloetan. Hala ere, datorren ikasturtea aurrera doan heinean, neurriak malgutzen joango diren itxaropena daukagu.

Datorren ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek ordutegi zatitura itzuli beharko dutela agindu du Jaurlaritzak, eta guk uste dugu hartzen diren neurri guztiek koherentzia bat izan behar dutela. Ez da posible protokolo gogorra bete beharko dugula esatea, eta horretarako orain arte dauzkagun baliabideak kentzea".