Nomadak gaitun! emakume sortzaileen azoka izango da uztailaren 18an Azpeitian

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 1a, 15:26
Nomadak gaitun! azokaren sustatzaileak. (Dinagu)

Azoka Plazan izango da azoka, 10:30etik 18:30era. Euskal Herriko hogei emakume sortzailearen produktuak izango dira eskuragarri. Emakume baserritarrek hainbat jaki prestatuko dituzte Elikaguneko sukaldean. Azoka ixtean Ameba taldearen kontzertua izango da Sanagustinen. Dinaguk antolatu du azoka, eta kolektibo horretako kidea da Ilazki Lili jantzigile azpeitiarrak.

Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak Nomadak gaitun! azoka ibiltaria antolatu du, eta azoka horrek Azpeitian egingo du lehen geldialdia. Uztailaren 18an, igandez, izango da azoka herrian, eta han bitxigintzan, modan, dekorazioan zein ilustrazioan aritzen diren Euskal Herriko hogei emakume sortzailearen produktuak izango dira eskuragarri.

Gainera, azokak irauten duen bitartean, Elikaguneko sukaldean askotariko jakiak prestatuko dituzte hainbat emakume baserritarrek, eta herritarrek horiek dastatzeko aukera izango dute azokaren kanpoaldean jarriko duten jantokian. Are gehiago, dastatutako produktuak erosteko aukera izango da igande horretan irekita egongo den Elikagunean.

Azoka Plazan izango da azoka egun osoan zehar; zehazki, 10:30ean irekiko ditu ateak eta 18:30ean itxi. Dena den, azoka ixtearekin, 19:00etan, Ameba taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak Kulturaz.eus atarian, sei euroren trukean.

Sarea josteko

Dinaguko kideek Euskal Herriko sortzaileen elkargunea izateko sortu dute Nomadak gaitun! egitasmoa; izan ere, beren asmoa da "sarea jostea eta mugimendua bideratzea". Herriz herri sortzaileak bilduko dituen plaza "ibiltari edo nomada bat" izan nahi du azokak: "Sormenaz gozatzeko espazio bizi bat, egun gure herrian modaren zein irudigintzaren esparruetan gertatzen ari den horren leihoa. Plazako harremanetan sinesten dugu, eta bertan sortzen diren zuzeneko harremanetan. Horregatik, sormenaren esparruan daukagun aukera zabala erakutsi nahi diegu herritarrei".

Horrez gain, baina, kontsumo ereduen inguruko hausnarketa ere eragin nahi du Dinaguk: "Herritarrek dituzten kontsumo alternatibak ikusarazi nahi dira, ahalik eta modu duinenean lan egin eta saltzeko espazio bat sortuz, eta sortzaileen zein bezeroaren arteko zuzeneko harremana indartuz".

Dinagu orain dela hiru urte sortu zuten Euskal Herriko hainbat emakume sortzailek, tartean Ilazki Lili jantzigile azpeitiarrak. Proiektua martxan jartzearen xedeak honako hauek izan ziren, besteak beste: emakume sortzaileen lanaren ikusgarritasuna sustatzea, elkarlanaren bidez elkarrekin ahalduntzea, egoeraz hausnartzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren egitasmoak sortzea.