Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan hiru positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 1a, 14:00

Atzo egindako probetan hiru positibo gehiago zenbatu ditu Osasun Sailak. Hego Euskal Herrian positiboak gora ari dira egiten eta baita intzidentzia tasa ere.

Eusko Jaurlaritzak eman du argitara egoera epidemiologikoari buruzko txosten eguneratua, eta horren arabera, Azpeitian atzo egindako PCR eta antigeno probetan hiru positibo hauteman zituzten. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, berriz, bere horretan mantendu da; izan ere, 197,11ko tasarekin eremu horian mantentzen da.

Urola Kosta eskualdean, berriz, hamasei kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, herenegun baino sei gehiago. Zarautzen sei positibo izan dira, eta herria eremu horian dago, 124,21eko intzidentzia tasarekin. Kasu positibo kopuru bera detektatu dute Zumaian, eta han tasa 518,98an kokatu da, eremu gorrian. Horiez gain, Zestoan kasu bat baieztatu du Osasun Sailak (51,36ko tasa). Positiborik izan ez den herrietan hutsean dute tasa, Azkoitian eta Orion izan ezik. Azkoitian 43,71koa da kasu metatuen tasa, eta Orion 48,92koa; eremu berdean daude kokatuta bi herriak.

Positiboak gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuek okerrera egiten jarraitu dute azken orduetan. Herenegun 366 positibo detektatu zituzten, eta atzo egindako probetan 458 izan dira guztira. Araban 37 atzeman dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 165 eta beste herrialdeetan bizi diren herritarren artean zortzi. Hori dela eta, hiru lurraldeen bataz besteko R0 indizea 1,15 izatera pasatu da. Osakidetzaren mendeko ospitaleen egoerari dagokionez, atzo hogei lagun gehiago ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Momentu honetan, denera 62 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 32 ZIUetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 121,70ekoa da, atzo Jaurlaritzak emandakoa baino bederatzi puntu altuagoa.