Josu Bereziartua eta Amaia Aranzabal goimendizaleak omenduko dituzte Zumaiako Flysch Trail lasterketan

Julene Frantzesena 2021ko eka. 29a, 17:06

Josu Bereziartua 1992an.

Bereziartua azpeitiarra eta Aranzabal bergararra mendian egindako ibilbideagatik omenduko dituzte urriaren 3an, Flysch Trail lasterketa bukatzean. Bereziartua zortzimilako zazpi mendi egina da, eta Aranzabal, berriz, 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen euskal emakumea izan zen.

Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketaren hamabigarren edizioa egingo dute datorren urriaren 3an, eta probaren antolatzaileak hasi dira dagoeneko prestaketa lanekin. Gainera, lasterketaren gaineko hainbat xehetasun eman dituzte dagoeneko: horien artean Josu Bereziartua eta Amaia Aranzabal mendigoizaleak omenduko dituzte egun horretan.

Lasterketaren eguna baliatuko dute azpeitiarra eta bergararra omentzeko; izan ere, proba bukatzean, 13:00etan, egingo diete omenaldia haiei. Bereziartua zortzimilako sei mendi egina da –lehena, Cho Oyu 1992an; Everest 1992an; Shisha Pangma 1996an; 2003an Gasherbrum I eta Gasherbrum II; eta azkena, Nanga Parbat 2005ean–; eta Aranzabal, berriz, 8.000 metroko mendi bat igo zuen lehen euskal emakumea izan zen –Cho Oyu mendia igo zuen, 1992ko irailean–.