Koronabirusa Azpeitian

Asteburuan lau positibo zenbatuta, zertxobait igo egin da herriko intzidentzia tasa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 28a, 13:18

Intzidentzia tasaren igoera ez da handia izan, 210,25koa zen ostiralean eta 223,39koa da gaur, baina joan den astearteaz geroztik egunero egin du koska bat gora. Eskualdean, berriz, 42 kasu zenbatu dituzte azken hiru egunotan, aurreko asteburuan baino 31 gehiago. Mallorcako agerraldiari lotutako 29 kasu baieztatu dituzte Zumaian.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena asteburuko herriz herriko datuekin eta guzti, eta horren arabera, ostiralaz geroztik lau positibo atzeman dituzte Azpeitian, aurreko asteburuan baino bat gehiago. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du egunotan. Igoera ez da handia izan, 210,25koa zen ostiralean eta 223,39koa da gaur, baina joan den astearteaz geroztik egunero egin du koska bat gora.  164,24koa zen intzidentzia tasa orduan. Dena dela, oraindik ere eremu horian jarraitzen du herriak. 

Eskualdean kezkagarriagoa da egoera. Azken hiru egunotan 42 kasu baieztatu dituzte, aurreko asteburuan baino 31 gehiago. Zumaian dago fokua ipinita, herri horretan 29 kasu atzeman dituztelako asteburuan —21 ostiralean, eta zortzi atzo—. Kasuen igoera horrek Mallorcan (Herrialde Katalanak) izandako agerraldiarekin zerikusia du, 60 zumaiar gazte inguru izan baitziren bertan, eta Eusko Jaurlaritzak PCR proba egitera deitu zituen asteburuan ikasturte amaierako bidaian uharte horretan izan zirenak. Ondorioz, asko igo da intzidentzia tasaren adierazlea Zumaian (457,92), eta eremu gorrian sartu da herria. Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eremu gorrian dagoen herri bakarra da Zumaia; gainontzeko udalerri guztiak eremu horian edo berdean daude. 

Eskualdeko gainontzeko herriak eremu horian eta berdean daude. Asteburuan, Azpeitiko eta Zumaiako kasuez gai, sei positibo baieztatu dituzte Zarautzen, eta bana Orion eta Zestoan. Gaur-gaurkoz, 97,85ekoa da Orioko intzidentzia tasa, 51,40koa Zarauzkoa eta 25,68koa Zestoakoa. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu positibo berririk hauteman asteburu osoan, eta Azkoitian izan ezik, hutsean dago intzidentzia tasa herri horietan. Azkoitia eremu berdean dago, 41,73ko tasarekin.

Positibotasun tasa, %3aren bueltan

Datu orokorragoei erreparatuta, atzokoan 5.547 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 171k eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,9koa da intzidentzia tasa, eta Nafarroan, berriz, %4koa.

Ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: 85 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun, eta 11 ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 35 pertsona daude, duela astebete baino hamar gutxiago.