Herriko saltokietan erosiz, Bertanen tonbolan parte hartu ahalko da datozen asteetan

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 19a, 09:46

Elkarteko kide diren saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroei tonbolako txartelak emango zaizkie, eta sariak eskuratu ahal izango dituzte horiek. Ekainaren 21etik uztailaren 4ra egingo dute tonbola.

Bertan merkatarien elkarteak tonbola jarriko du martxan ekainaren 21etik uztailaren 4ra bitartean, herriko merkataritza bultzatzeko asmoz. Elkarteko kide diren saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroei tonbolako txartelak emango zaizkie, eta sariak eskuratu ahal izango dituzte horiek. Zehazki, ehun euroko erosketa bonuak, bost euroko erosketa bonuak eta poltsa zein maskara berrerabilgarriak banatuko dituzte sari gisa.

Poltsa berrerabilgarriak eta maskarak saritutako txartela banatu den saltokian jaso beharko dira; aldiz, erosketa bonuek Bertan elkarteko edozein saltokitan erabiltzeko balioko dute. Bost euroko erosketa bonuak erabiltzeko, nahikoa izango da saritutako txartela saltokian aurkeztea. Ehun euroko erosketa bonua egokituz gero, berriz, saridunak Bertanen bulegotik igaro beharko du txartela benetako baliodun bonuagatik trukatzera.

Egitasmo horren bidez, tokiko kontsumoa sustatu nahi dute herriko merkatariek. Izan ere, haien arabera, "mugikortasun murrizketak arindu diren honetan, herria bizirik mantentzeko beharrezkoa izango da Azpeitiko saltoki txikietan erosten jarraitzea".