Instituzioetako ordezkariak eta sormen arloko kideak izan dira Dinamoaren irekiera ofizialean

Anartz Izagirre 2021ko eka. 18a, 12:53

11:00etan hasita, Kulturazeko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek harrera egin diete bisitariei Dinamoaren atarian. Ondoren, solasaldia eskaini dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur diputatuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak. Arratsaldean, herritarrei zuzendutako ekitaldia izango da, 18:00etatik aurrera, Soreasuko atarian.

Soreasu auzoan kokatuta dagoen Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala izan da gaur, ostirala, eta bertan izan dira euskal instituzioetako ordezkariak eta sormen arloko hainbat kide. 11:00etan egin diete bisitariei harrera Kulturaz kooperatibako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek, eta ondoren, Xabier Gantzarain Kulturazeko kideak gidatuta solasaldia egin dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur diputatuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak.

Gantzarainek hasi du hitzartzea, eta Dinamoa sormen gunea "kultur komunitatearen urte luzeetako lanaren emaitza" dela nabarmendu du. Duela hainbat urte sortutako Uztarria Kultur Koordinadora eta Azpeitiko Kultur Mahaia aipatu ditu hark, baita Kulturaz kooperatiba ere. "Horiek izan da dira kultur taldeekin eta sortzaileekin batera herriko kultur mugimendua bizirik mantendu dutenak". Udalaren lana ere eskertu du: "Kultur politikan arriskatzen eta herriko kultur mugimenduari hitza ematen jakin du. Eskertzekoa da hori".

Elkarlanaren garrantzia oinarri

Ondoren, galdera bana egin die Gantzarainek Alkortari, Millani eta Zupiriari. Alkortak, bere aldetik, Dinamoaren irekiera Azpeitiarentzat "pozgarria eta berezia" dela nabarmendu du: "Proiektu hau eragile askoren artean egindako sormen prozesu baten emaitza da. Esanguratsua da Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrena ospatzen ari garen honetan proiektu hau martxan jartzea". Bestalde, elkarlanaz ere aritu da: "Erakunde publikook eta kultur eragileok norabide berean egin behar dugu lan. Elkarlan horren garrantzia ulertutakoan benetako aldaketak eman dira kultur politikan". Era berean, udalak eta Kulturazek sinatutako lankidetza hitzarmena ere azpimarratu du Alkortak, eta adierazi du Dinamoaren irekiera "mugarria" eta "pauso garrantzitsua" dela kulturarentzat.

Dinamoak Gipuzkoan izango lukeen paperaz galdetu dio Gantzarainek Millani, eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak esandakoa izan du hark gogoan: "Prozesuen helburura iristeko bideak duen garrantziaz aritu zen Aperribai ekitaldi batean, eta hark zioen igandean onena izateko astelehenetik ostiralera ere onenak izan behar dugula. Kulturaren kasuan ere gauza bera azpimarratuko nuke. Gizartetik eta herrigintzatik sortutako proiektuak bultzatu behar dira, eta hori da instituzio publikook izan behar dugun papera". Horrez gain, Gipuzkoako lurralde orekaz ere aritu da Millan: "Askotan kultur eragileak eta kultur azpiegitura garrantzitsuak hiriburuetan egon ohi dira, eta garrantzitsua da lurralde oreka mantentzea". Zentzu horretan, diputatuak azaldu du "pozgarria" dela Dinamoa oreka horren erakusleetako bat izatea.

Zupiriak, berriz, Eusko Jaurlaritzak halako proiektuak babesteko egin beharko lukeenaren inguruan hiru xehetasun aipatu ditu. Alde batetik, azaldu du halako proiektuen "ezagutza eta aitortza" garrantzitsua dela: "Dinamoaren moduko ekimen asko daude gure erkidegoan, eta horiek guztiak ezagutzea nahiz ahalegin horren aitortza egitea garrantzitsua da". Horrez gain, Jaurlaritzak sorguneentzat duen Sorgune deialdiaren inguruan ere hitz egin du. Eta azkenik, sorguneek elkarren artean izan beharko luketen harremanaz mintzatu da kultur sailburua: "Gune horien arduradunei galdetzen zaienean zer harreman duten beste sorguneekin, sarritan ez dagoela harremanik izaten da erantzuna. Kultur politiken ardura daukagunon erantzukizuna da harreman hori bermatzea eta bultzatzea".

Kultur sorkuntzaren funtzioa

Bestalde, kultur sorkuntzak Euskal Herrian zer funtzio duen galdetu die Gantzarainek hiru ordezkariei. Zupiriak hasi du hitzartzea, eta Dinamoa moduko sormen guneek duten "erantzukizuna" izan du hizpide: "Dinamoak, nahi eta nahi ez, eragina izango du hona hurbiltzen diren sortzaileengan. Hemen ikusitakoek eta entzundakoek arrastoa utziko dute horiengan". Horrez gain, sortzaileen eta hartzaileen garrantziaz ere mintzatu da sailburua: "Gustuko dut Dinamoaren planteamendua, Soreasu antzokiaren ondoan dagoelako. Iruditzen zait sortzaileen eta hartzaileen harremana garrantzitsua dela kulturgintzarako, kultur produktuen biziraupenerako zein sorkuntzarentzako".

Alkortak, bestalde, halako proiektuetan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du. Eta bestetik, Euskal Herrian kulturak "esateko eta egiteko" asko daukala nabarmendu du: "Amesten dugun herri hori irudikatzeko bitartekoa da kultura". Horrez gain, kultura eztabaidarako "ezinbesteko tresna" dela ere aipatu du. Millan ere bat etorri da kultura eztabaidarako bitartekoa dela esatean: "Errealitatea interpretatzeko bide bat da kultura, baita errealitate hori elkarbanatzeko eta zabaltzeko bidea ere. Kritiko izateko ateak zabaltzen dizkigu".

Dinamoko bisita gidatua

Solasaldia amaitzean, bisita gidatua egin dute Dinamoan, eta zehazki, gorputzaren, hitzaren eta irudiaren eremuetako esperientzia praktikoetako kideak izan dira bertan, hala nola ATX antzerki konpainiakoak, Hitzaren III. Eskolako kideak zein serigrafia tailerrekoak. Horiek azalpen laburrak eman dizkiete goizeko hitzordura joan diren ordezkariei, eta gainera, ikus-entzunezko batzuk izan dira ikusgai pantailetan.

Arratsaldean, berriz, herritarrei zuzendutako ekitaldia izango da, 18:00etatik aurrera, Soreasuko atarian. Giroko musika izango da, eta osasun egoerak ahalbidetzen badu, mokadua eta bisita gidatua ere izango dira. Aforoa kontrolatu egingo dute antolatzaileek.

Berria-ren erreportajea

El Diario Vasco-.ren erreportajea

Noticias de Gipuzkoa-ren erreportajea

Azpeitiko Udalaren webeko kronika

Eusko Jaurlaritzaren Irekia webeko bideoa