Zabalik dago uztailerako antolatu dituzten kirol ikastaroetan izena emateko epea

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 18a, 09:30

Cycling, pilates, total training, total training gazte, zumba, zumba txiki, zumba gold eta TRX ikastaroak prestatu dituzte uztailerako. Ekainaren 30era arte eman daiteke izena, kiroldegian bertan.

Irailaz geroztik kiroldegiko taldeko jardueretan dabiltzanek ekainaren 30ean bukatuko dute ikasturtea, baina, nahi dutenek, uztailean ere izango dute kirola taldean egiteko aukera. Kirol Patronatuak eskaintza zabala prestatu du datorren hilerako, eta zabalik dago horietan izena emateko epea.

Hain zuzen ere, honako ikastaro hauek jarri dituzte aukeran uztailerako: cycling, pilates, total training, total training gazte, zumba, zumba txiki, zumba gold eta TRX. Ikasle berriek zein ikasturtean zehar aritu direnek eman behar dute izena, ekainaren 30era bitartean, kiroldegian bertan. Informazio gehiago behar dutenek 943-81 41 21 telefonora dei dezakete, edo igerilekuko harreran galdetu.