Kerobiak eskainiko dituen hiru kontzertuetako bat Azpeitian izango da

Julene Frantzesena 2021ko eka. 16a, 16:10
Kerobia taldeko kideak.

Taldearen 20. urtemuga dela-eta eskainiko ditu emanaldiak Iruñeko boskoteak. Azpeitiko kontzertua azaroaren 27an izango da, eta dagoeneko sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Honako lotura honetan eskura daitezke hemezortzi euroren trukean.

Hogeigarren urtemuga betetzen ari da aurten Kerobia musika taldea, eta urteurrenaren harira Euskal Herrian eskainiko dituen hiru kontzertuetako bat Azpeitian izango da. Taldea deseginda dago izatez –zortzi urte baino gehiago dira azken kontzertua eskaini zuenetik–, baina duela hilabete batzuk ibilbideko kanta ezagunenekin nahiz diskoetatik kanpo geratutako abestiekin osatutako Konstelazioa diskoa kaleratu zuen, eta zenbait kontzertu eskaintzeko asmoa adierazi zuen orduan Iruñeko boskoteak.

Hiru kontzertu eskainiko dituzte, azaroan: hil horren 20an, Galdakaoko (Bizkaia) Torrezabal kultur etxean; 26an Iruñeko Baluarten; eta 27an Azpeitiko Soreasu antzokian. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta dagoeneko Azpeitiko emanaldirako sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Honako lotura honetan eskura daitezke hemezortzi euroren trukean.