Ireki dute kanpoko igerilekua

Nerea Uranga 2021ko eka. 12a, 13:35

Gaur, zapatua, hasi dute udako sasoia kanpoko igerilekuan. Irailaren 12ra bitartean egunero egongo da zabalik 11:00etatik 20:00etara.

Kanpoko igerilekua gaur zabaldu dute, eta irailaren 12ra bitartean irekita izango da egunero, 11:00etatik 20:00etara bitartean. Aurreneko orduetan lainotuta egon arren, goizean dozenaka lagun bildu dira kanpoko igerilekuan, eta aurtengo aurreneko bainua hartu dutenak ere izan dira.

Pandemia tarteko, kanpoko igerilekura joan ahal izateko, aurrez hitzordua hartu behar da Azpeitiko Udalaren webgunearen bidez. Horrez gain, beharrezkoa da Udal Kirol Patronatuko bazkidea izatea.

Herritarrek egunero hiru txanda izango dituzte aukeran: 11:00etatik 13:45era, 14:00etatik 16:45era eta 17:00etatik 19:45era. Txanda bakoitzean igerilekuko edukiera mugatua izango da; gehienez 200 erabiltzaile egon ahalko dira aldi berean kanpoko igerilekuaren instalazioetan. Txandak hiru egun aurretik hartzeko aukera izango da, eta erabiltzaile bakoitzak astean hiru erreserba egin ahal izango ditu.