'Musikaren begirada' emanaldiarekin, ikasturtea agurtzeko lehen saioa egin dute musika eskolako ikasleek

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 10a, 21:27

Juan Antxieta musika eskolako ikasleek ikasturte bukaerako jaialdiaren lehen zatia gaur egin dute Soreasun. Banda gaztearen eta abesbatzaren txanda izan da gaurkoa, eta Musikaren begirada izenburupean, ordubeteko saioa eskaini diete antzokira bertaratutako herritarrei.

Ikasturtea behar den bezala bukatzeko, jaialdia egiteko ohitura dute Juan Antxieta musika eskolako ikasleek, eta egoera ezohikoa izanagatik, aurten ere ez diote hilabeteotan ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukerari uko egin. Hori bai, jende pilaketak saiheste aldera, jaialdi handi bat egin beharrean, bi txikiago egingo dituzte aurten, eta lehendabizikoa gaur arratsaldean bertan egin dute.

Musikaren begirada izenburupean, banda gazteko eta abesbatzako kideak igo dira Soreasuko taula gainera, 19:30ean hasita eskaini duten emanaldian. Banda gazteko kideek hainbat filmen soinu bandak jo dituzte Unai Frantzesena zuzendariaren gidaritzapean, eta abesbatzako kideek dozenerditik gora abesti kantatu dituzte Felipe Murillo zuzendariaren esanetara. Tartean izan da inprobisatzeko ausardia erakutsi duten musikarien emanaldirik ere.

Gainera, musika eskolako ikasleek saldu dituzten errifen zozketa egin dute zuzen-zuzenean. Zenbaki sariduna 3.284 da, eta ordezkoa 10.596. Irabazleak hamabost eguneko epea izango du saria jasotzera azaltzeko; epe hori pasata, ordezko zenbakiaren jabeari emango diote saria. Honako hau da irabazleak eskuratuko duen saria: lau Kultur Bono –bi helduentzat eta bi haurrentzat–, Erviti musika dendan gastatzeko 500 euroko bonua eta Apple ordenagailu bat. 

Datorren ostegunean talde instrumentalen txanda izango. Haien emanaldia ere Soreasu antzokian izango da, 19:30etan hasita, eta bertaratu nahi dutenek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte Kulturazen webgunean. Datozen egunetan jarriko dituzte eskuragai.