Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo baieztatu dituzte herrian

Aiora LarraƱaga 2021ko eka. 10a, 13:33

Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan eta 328,52koa izaten jarraitzen du. Eskualdean beste hamar positibo zenbatu dituzte, eta Hego Euskal Herrian, 288.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo hiru positibo atzeman zituzten herrian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan eta 328,52koa da. Eremu laranjan jarraitzen du herriak.

Eskualdean, berriz, hamar positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Azpeitiko hiru kasuez gain, bina kasu atzeman zituzten Getarian, Zarautzen eta Zumaian, eta eremu horian kokatuta daude kostaldeko hiru herri horiek; 141,34ko intzidentzia tasa du Getariak, Zarautzen 162,76koa da eta Zumaian 254,40koa. Azkoitian hauteman zuten beste positiboa. Atzotik jaitsiera nabarmena izan du hango intzidentzia tasak: 517,40koa zen atzo eta 450,64koa da gaur. Hala eta guztiz ere, tasa 400dik gorakoa izanik, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Orion eta Zestoan ez zuten positibo berririk atzeman atzo. Honako hauek dira herri bakoitzeko intzidentzia tasak: Aiakoa 50,38koa; Aizarnazabalgoa 260,38koa; Errezilgoa 161,03koa; Oriokoa 293,54koa; eta Zestoakoa 51,36koa. Beizaman, berriz, ez dute positiborik izan azken hamalau egunetan.

Hego Euskal Herrian 288 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo 9.302 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 288 positibo baieztatu zituzten: 25 Araban, 134 Bizkaian, 76 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Hala, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3koa da.
 
Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jakinarazi du atzo 24 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzako erietxeetan. Egun 185 herritar daude ospitaleratuta, eta horietatik 77 daude ZIUn.