Errakiren erresistentzia kutxa nazionalaren aldeko jaialdia egin dute asteburuan Esklabetan

Anartz Izagirre 2021ko eka. 7a, 09:15

Egun guztirako egitaraua prestatu zuten Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek, eta 12:00etan hasi zen jaialdia Iago Magoren Serendipia ikuskizunarekin. Uztailaren 3an, berriz, erresistentzia kutxa indartzeko Gipuzkoa mailako elkartasun jaialdia egingo dute, Errakik antolatuta, Gaztetxean.

Errakiren erresistentzia kutxa nazionalerako dirua biltzeko jaialdia izan zen zapatuan, hilak 5, Esklabetan. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu zuen ekitaldia, eta egun osoan zehar hainbat ekitaldi izan ziren. Hasteko, Iago Magok Serendipia ikuskizuna eskaini zuen, eta hainbat herritar joan zen ikuskizunera. Ondoren, berriz, bazkaria egin zuten Esklabetako atarian, eta arratsaldean Rodeo musika taldearen kontzertu akustikoaz gozatu ahal izan zuten herritarrek. Arratsaldea biribiltzeko, berriz, Jokinek eta Izarok hainbat kanturen bertsioak abestu zituzten.

Langile kontrolpeko espazioen babes sarea da Erraki, eta "okupazioaren aurkako ofentsiba baten aurrean gauden honetan",  beharrezkoa du erresistentzia kutxa indartsua izatea, bi gauzatarako: batetik, okupazioaren praktikak dakartzan ondorio ekonomikoei aurre egiteko; eta bestetik, okupazioaren praktika garatzeko eta hedatzeko baldintzak jartzeko. "Abokatuak, obrak, isunak, espazioen adeko borrokaren finantzaketa... hainbat gastu erortzen dira jabetza pribatuari kontrajarriz eskuratzen diren gaztetxe, etxebizitza, zentro sozial eta egoitza politikoen gain. Kostu ekonomikoak oztopo bat dira langile kontrolpeko espazioentzat, eta horri erantzutera dator erresistentzia kutxa nazionala".

Era berean, egun guztian zehar Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren aldeko zozketarako txartelak izan ziren salgai, etxegabetze bat gelditzeagatik Gasteizko Etxebizitza Sindikatuari ezarritako 30.000 euroko isuna ordaintzen laguntzeko, hain zuzen.

Uztailaren 3an, erresistentzia kutxa hori indartzeko beste elkartasun jaialdi bat egingo dute Azpeitian, ordukoa Gipuzkoa mailakoa. Errakik antolatuko du hura eta Gaztetxean izango da. Egitarauaren berri datozen egunetan emango dute.

(Argazkiak: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)