Hainbat ikastaro eskainiko ditu KZguneak uztailean zehar

Anartz Izagirre 2021ko eka. 6a, 09:15

Aurrez aurreko euskarazko saio bat izango da Azpeitian, eta urruneko beste bi saio ere eskainiko dituzte. Ikastaroetan izena eman nahi dutenek KZgunean bertan, telefonoz eta webgunean izango dute horretarako aukera.

KZguneak, hilero bezala, hainbat ikastaro eskainiko ditu uztailean zehar, eta dagoeneko eman daiteke izena saio horietan parte hartzeko. Alde batetik, produktibitatearen inguruko aurrez aurreko euskarazko saio bat eskainiko dute KZgunean bertan (Enparan dorretxea, 1.solairua). Uztailaren 1etik 13ra bitartean izango da Google aplikazioak zure smartphonean ikastaroa, 09:00etatik 11:00etara bitartean, eta guztira, 18 ordukoa izango da ikastaroa.

Horrez gain, urruneko bi saio ere eskainiko dituzte euskaraz; batetik, Twitter. Momentuan momentuko informazioa ikastaroa uztailaren 19tik 28ra bitartean, eta, bestetik, Zibersegurtasuna. Arriskuak, zaugarritasunak eta mehatxuak ikastaroa, uztailaren 5etik 21era bitartean. Honako lotura honetan kontsulta daiteke ikastaroen inguruko informazio guztia.

Saioetan izena eman nahi dutenek honako modu hauek izango dituzte horretarako:

  • KZgunera joanda. Une honetan KZgunera aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik joan daiteke, zentroko telefonora deituta (943-02 36 20).
  • Telefonoz deituta (943-02 36 20). Ikastaroan izena telefono bidez emateko KZguneko erabiltzaile izatea derrigorrezkoa da.
  • KZgunearen webgunean (www.kzgunea.eus) izena emanda. Ikastaroan izena emateko erabiltzaile izatea derrigorrezkoa da. KZgunean edo ikastaroetan izena emateko laguntza behar dutenek ondoko bideotutorialak kontsulta ditzakete, esteken gainean klik eginez.

Bestalde, KZguneko arduradunek adierazi dutenez uztailean goizez bakarrik egongo da irekita Azpeitiko zentroa, 09:00etatik 13:00etara.