Hainbat kontzertu iragarri ditu Kulturazek datozen hilabeteetarako

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 4a, 09:00
Idoia Asurmendik kontzertua emango du uztailaren 9an.

Loreak eta Zauriak emanaldia, Rust Fest jaialdia, Idoia Asurmendiren kontzertua, Viva Belgrado eta Ro, Lagrimas de Sangre... Horiek eta gehiago izango dira Kulturaz kooperatibak antolatutako musikaren menuan ekainetik abuztura bitartean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Datozen hilabeteetarako hainbat kontzertu iragarri ditu Kulturaz kooperatibak. Batetik, Martin de Marte eta Yo Ciervo taldeek emanaldia eskainiko dute datorren igandean, ekainak 13, Katapulta Tour Gipuzkoaren barruan. Sanagustin kulturgunean izango da saioa, 18:00etan. Ekainaren 27an, berriz, Loreak eta Zauriak izeneko emanaldia izango da; hau da, Xabier Lete omentzea helburu duen zuzenekoa. Saioan Joserra Senperenak, Xabier San Sebastianek, Beñat Gaztelumendik eta Quico Pugesek parte hartuko dute; 19:00etan izango da, Soreasun. 

Uztailean, berriz, Rust Fest izeneko jaialdia iritsiko da Azpeitira. Neil Youngen omenezko jaialdia da hori, eta XII. edizioa Azpeitian egingo dute. Guztira, hiru saio izango dira, eta hainbat musikarik parte hartuko dute horietan: besteak beste, Felipe Murillo azpeitiarra eta Maria Illarramendi zestoarra nahiz Elba disko jartzailea ariko dira zuzenean. Uztailaren 2an izango da saio bat, 18:00etan, eta bi saio egingo dituzte uztailaren 3an, 12:00etan eta 18:00etan.

Era berean, uztailaren 9an Idoia Asurmendiren kontzertua izango da, Soreasu antzokian. 19:00etan hasiko da saioa, eta Ilun eta Abar bigarren diskoa aurkeztuko du bakarlari gazteak. Uztailaren 17an, Viva Belgrado eta Ro talde azkoitiarrak kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 18:00etan. Uztailaren 23an, berriz, Broken Brothers Brass Band taldea ariko da zuzenean 20:00etan; Iruñeko brass band ezagunaren doinu dantzagarriez gozatzeko aukera izango da Soreasu antzokian.

Abuzturako ere iragarri dute musika talde ezagun baten zuzenekoa; hain zuzen ere, Lagrimas de Sangre igoko da Soreasuko oholtzara, abenduaren 27an. 20:00etan izango da kontzertua.

Emanaldi batzuk Sanagustin kulturgunean izango dira, eta beste batzuk Soreasu antzokian. Zuzeneko guztietarako sarrerak eskuragarri daude Kulturazen webgunean.