Dinamoko soinuaren eremua egokitzeko lanen lehiaketa publikoa martxan jarri du udalak

Julene Frantzesena 2021ko eka. 2a, 13:18

Dinamoa sormen gunearen kanpoaldea.

Eremu horretan bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balioanitzeko hiru gela izango dira, besteak beste. Soinuaren eremua egokitzeko gehienezko aurrekontua 522.244 eurokoa izango da, eta lehiaketa irabazten duen enpresak hamabi hilabeteko epea izango du obrak bukatzeko.

Soreasuko Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua egokitzeko lanen lehiaketa publikoa jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Eremu horretan bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta balioanitzeko hiru gela izango dira, besteak beste. Soinuaren eremua egokitzeko gehienezko aurrekontua 522.244 eurokoa izango da, eta lehiaketa irabazten duen enpresak hamabi hilabeteko epea izango du obrak bukatzeko. Eremua egokitzeko proiektuak ekainaren 9ra bitartean aurkeztu ahal izango dira udaletxean.

Soinuaren eremua Dinamoko lehen solairuan kokatuko da, eta eremu hori egindakoan, sormen guneko lehen solairu guztia kultur sorkuntzara bideratuta izango da. Izan ere, dagoeneko martxan dira hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak. Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak azaldu duenez, orain arte Dinamoan sortu den kultur dinamika "aberasteko" egingo den eremua da soinuarena. "Dinamoa sormen guneak kultur disziplina ugariren inguruko mugimendua sortu du. Pozgarria da sortzaileak kultur espazioan lanean ikustea, eta soinuaren eremua hori aberastera etorriko da. Aurreikusi bezala, azpiegitura osatzeko obrak faseka egiten ari gara, eta azken fase honekin eremu guztiak izango ditugu osatuta".

Hona hemen soinuaren eremuaren planoa: