'Familia eta buru osasuna' hitzaldia eskainiko dute hilaren 8an Basazabalen

Anartz Izagirre 2021ko eka. 1a, 14:31
Basazabal jauregian izango da hitzaldia.

Buruko osasunei aurre egiterakoan familiak duen garrantziaz hizketan arituko dira hitzaldian, eta Agifes elkarteko Iker Arrizabalaga izango da hizlaria. Hitzaldia irekia izango da, baina aurrez izena eman beharko da 943-54 41 88 telefonora deituta.

Agifesek, Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako elkarteak, hitzaldia eskainiko du datorren asteartean, hilak 8, 18:00etan hasita, Basazabal jauregian. Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoa izango da hizlaria, eta buruko gaixotasunak dituzten edo izan dituzten pertsonen errekuperazioan familiak duen garrantziaz arituko da solasean. Era berean, halako arazoak kudeatzeko jarraibideak emango ditu Arrizabalagak, eta familientzako eskuragarri dauden baliabideak eta programak ere azalduko ditu. Horrez gain, Agifeseko bazkide batek ere parte hartuko du saioan, eta bere semeari errekuperatze prozesuan nola lagundu zion azalduko du.

Hitzaldia irekia izango da, baina prebentzio neurriak bete ahal izateko eserleku mugatuak egongo dira. Hori dela eta, aurrez izena eman beharko da 943-54 41 88 telefonora deituta (08:00etatik 14:00etara bitartean). Saioa gaztelaniaz izango da.

Buru osasunaren zaindariak

Agifesek Buru osasunaren zaindariak kanpainaren barruan eskainiko du Azpeitiko hitzaldia. Ekimenaren xedea buruko osasunak dituztenen familiei eta gertukoei zainketan duten garrantzia aitortzea da. "Zalantzarik gabe, gizarte, osasun eta erakunde esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen ere, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa", azaldu dute Agifesekoek.

Elkarteak 1985. urtetik dihardu buruko arazoak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta komunitatean barneratzen laguntzeko lanetan, eta gizarte, lan nahiz osasun arloetan kalitatezko zerbitzuak aldarrikatzen dituzte, buruko osasun arazo larriak dituzten pertsonen eta senideen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko.