Koronabirusa Azpeitian

Intzidentzia tasak zertxobait gora egin du, eta eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak

Ihintza Elustondo-Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 28a, 12:42

Atzo lau positibo baieztatu zituzten herrian. Horiekin, hogei lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan den astean baino hamar gutxiago. Dena den, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa igo egin da apur bat; 328,5ekoa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 315,37koa zen duela astebete. Eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, lau positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian. Azken zazpi egunetan, hogei kasu atzeman dituzte guztira; joan zen asteko kopurua baino txikiagoa da hori –30 zenbatu zituzten orduan–. Astebetean zenbatutako positibo kopuruak behera egin duen arren, zertxobait gora egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 328,5ekoa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 315,37koa zen duela astebete. Horrenbestez, eremu laranjan jarraitzen du Azpeitiak.

Urola Kosta eskualdean, antzerako daude datuak aurreko egunarekin alderatuta: atzo hamalau positibo berri atzeman zituzten, eta asteazkenean hamazazpi. Asteartetik gorakada egon da, orduan zortzi kasu bakarrik atzeman zituztelako. Hazkunde horretan, Azkoitian izan zen gorakada nabarmenena, bederatzi positibo bertan atzeman baitzituen Osakidetzak. Atzo bi positibo berri bakarrik izan ziren herrian, baina intzidentzia tasa ez da jaitsi, eta 492,36koa da gaur-gaurkoz. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena zen atzo, eta baita gaur ere.

Azken datuen arabera, lau kasu berri zenbatu dituzte Zarautzen, baina herri horretako intzidentzia tasa ez da asko aldatu: 192,74tik 201,31ra igo da. Orion eta Zumaian bina positibo berri atzeman zituzten atzo, baina positibotasunak oso baxua izaten jarraitzen du aurreneko herrian –50etik beherakoa–, eta bigarrenean ere apenas igo da, 152,64koa zelako herenegun, eta 162,82koa atzo.

Gainerako herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo; hau da, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.

Hamar pertsona gutxiago Osakidetzaren erietxeetan

Hego Euskal Herrian, berriz, 437 positibo baieztatu zituzten atzo, osteguna, Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira, 9.976 PCR eta antigeno proba egin zituzten, horietatik 7.903 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.073, berriz, Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten atzo ere positibo gehien, 171, ondoren Gipuzkoan (138), Nafarroan (79) eta Araban (45). Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Hala, %4,5ekoa da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,8koa, berriz, Nafarroan. Nabarmen jaitsi da Nafarroan, bezperan %4,5ekoa zelako, eta antzerako dago gainerako hiru lurraldeetan, %4,4koa zelako atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 103 pertsona ZIUetan daude. Guztira, 277 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; bezperan baino hamar pertsona gutxiago, alegia.